Maialen Arrazola Bateleren entrenatzailea izango da
Azken denboraldiak arrosaz arraunean egin ostean, trainerua zuzentzeari ekingo dio donostiarrak.
Ez du erronka erraza eskuartean Maialen Arrazolak (Erdialdea, 1985). Arrauna du aspalditik zaletasun handiena, eta horrela jarraituko du. Izan ere, San Juango emakumeen traineruko entrenatzailea izango da, datorren denboraldian, Anartz Gerenorekin batera. Klub arrosak gaur eman du albistearen berri, herrian egin duen aurkezpenean. Horrela, azken denboraldietan talde hori bera entrenatu duen Juan Mari Etxabe, gizonezkoen taldeko entrenatzailea izango da.
15 urte zituela hasi zen arraunean Arrazola, Arraun Lagunaken. Ibilbide oparoa osatu zuen aulki mugikorrean eta Espainiako scull bikoitza osatu zuen Teresa Mas de Xaxarsekin batera, 2010ean. Ondoren, berriro ere etxera itzuli, eta San Juanen Bateleren traineruan aritu da arraunean. Goranzko bidea egin dute sanjuango emakumeek, eta hainbat garaipen lortu dituzte urteotan. Aurten, Euskotren Liga zein Kontxako bandera irabazi dituzte, denboraldi bikaina osatuz.