Teknuneko laukote irabazlea. (Argazkia: Teknun.es)
Deusto eta Tecnun izan ziren irabazleak IV. Estropada Akademikoan, gizonezko eta emakumezko mailetan, hurrenez hurren. Joan den larunbat arratsaldean jokatu zuten aulki mugikorreko lehia, eta ilunpean bukatu zuten.
Zortzikoetan parte hartu zuten gizonezkoek, aldiz, emakumeek, laukoetan. Guztira, 90 arraunlari inguruk parte hartu zuten unibertsitate arteko estropada berezian. Bi zatitan jokatu zuten lehia. Lehenengo, 1’3 itsas miliako distantzian, erlojupean aritu ziren ontziak: Loiolako Ur-Kirolaken zubitik, Maria Kristina zubiraino. Ondoren, 500 metroko sprintetan jokatu zituzten kanporaketak eta finalak: Mundaizeko zubitik, Maria Kristina zubira.
EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deusto eta Universidad de Navarra izan ziren partaideak, baita Wroclaw University of Technology ere. Wroclawko ontzia gonbidatu gisa aritu zen, 2016 Europako Kultur Hiriburutza dela eta.
Estropadaren bueltan, hitzaldi bat eta argazkilaritza eta komunikazio lehiaketa bana ere antolatu dituzte.
Estropadaren momentu bateko irudia. (Argazkia: Ur-Kirolak)