Haziak banatuko dituzte autobusetan
Dbusen 130. urteurreneko egitarauaren barnean dago hazi banaketa.
130 urte bete ditu aurten Dbus-ek, eta balore horien defentsan garatu da beti.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko autobus flotarik ekologikoena du Dbusek. Hiru ibilgailu elektriko ditu, eta 16 autobus hibrido. Datozen asteetan, gainera, autobus hibrido gehiago jasoko dituzte, urtea amaitzerako autobus artikulatuen %25a hibridoa izango delarik.
Urteurrenaren baitan dago hazi banaketa, baina beste hainbat jarduera ere burutuko ditu Dbus-ek datozen hilabeteetan.
Naturaren Babesaren Munduko egunaren harira, haziak banatzen ari dira hiriko hainbat autobusetan. Perching izenez ezagutzen da banaketa hau: hazi poltsatsoak zintzilikatu dituzte autobus barneko heldulekuetan, nahi duenak har ditzan.
Atzo hasi ziren , eta gaur eta bihar ere haziak eskuragarri izango dira 16 autobus hibridoetan. Oraingoan ziazerba edo espinaka haziak banatuko dituzte, baina urtaro bakoitzean perching berri bat egingo dutenez, garaian garaiko haziak eskainiko dituzte.
Poltsatsoak hartu, etxera eraman eta hiriko baratzeetan landatzea da helburua. Poltsa bakoitzarekin jarraibideak ere emango dituzte. Guztira 2.000 poltsa banatuko ditu Dbusek Cristina Enea fundazioarekin elkarlanean.
Ingurumena errespetatzeak eta bizimodu osasuntsu batek duten garrantzia nabarmendu nahi du Dbusek. Autobus konpainiak berak ekologiarekin eta iraunkortasunarekin duen konpromisoa hedatu nahi du erabiltzaileen artean ere.