Gero Axular taldeko bi dantzari saritu dituzte Groznyn
Onintza Unzurrunzaga eta Jon Egurretxeak Txetxeniako Kultura Ministerioaren Kultura saria eskuratu dute.
Abuztua erdialdean Mahmoud Esambaev Nazioarteko dantza lehiaketan parte hartzera gonbidatu zuten Gero Axular dantza taldea. Irailean hasi ziren lehiaketarako prestatzen, eta azkenean, urriaren 13an joan ziren Groznyra Onintza Unzurrunzaga eta Jon Egurretxea, dantza taldeko Juan Luis Unzurrunzaga zuzendariarekin batera.
Lehiaketan zortzi herrialdek eta Errusiako 29 eskualdetako 130 dantzarik parte hartu dute. Guztiak dantzari profesionalak. Frantziako dantzariak eta Donostiako Gero Axular taldeak izan ezik.
Dantzarien maila oso ona zela kontatu dute, eta saririk lortzeko itxaropenik ez zutela. Igandean lehiatu ziren Gero Axularreko bi dantzariak, Juan Luis Unzurrunzagaren koreografiak dantzatuz. Agurra, gabota, arin-arina, fandangoa, Godalet… Eta emanaldi bikaina egin zutela dirudi, saria lortu baitute. Gaur gauean iritsiko dira Euskal Herrira bi dantzariak, eta dantza taldeak “merezi duten harrera” egingo diola adierazi du.
Donostiako Gero Axular dantza taldeko bi kide saritu dituzte Groznyn (Txetxenia).