Ilara egiten hasi dira Beldurrezko Astearen zaleak, sarrerak lortzeko
Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen programazio osoa aurkeztu dute jada. Urriaren 29an hasi eta azaroaren 4an amaituko da, eta arduradunen arabera, aurreko ekitaldietan bezala, urteko film labur eta luze entzutetsuenetaz gozatzeko aukera egongo da. Ohiturari jarraituz, programazioa aurkezterako, dagoeneko ilara egiten ari ziren zinemaldiaren hainbat zale, Antzoki Zaharraren sarreran. Hain zuzen, ostiraleko 16:00etan jarriko dituzte salgai abonuak; eta astelehenean, sarrera solteak, bai Antzoki Zaharrean bai Viktoria Eugenian ere.
Emanaldiekin batera, beste hainbat jardura ere antolatu dituzte, guztiak ere, Japoniarekin lotuta. Horixe izango baita 27. Astearen protagonista. Horrela, Beldurrezko Asteak ziklo berezi bat eskainiko dio japoniar fantasiazko eta beldurrezko zinemari, baita liburu bat ere.