Parte Zaharra da turista gehien hartzen dituen auzoa. (Argazkia: Malen Aldalur)
Politika Orokorreko pleno berezia egiten ari dira gaur udaletxean. Hiria nola dagoen, eta udal gobernuaren lan ildo nagusiak aztertu eta eztabaidatzeko aukera da ; “gai nagusien inguruan eztabaidatu eta adostasunak lantzeko eguna”.
Luze joko du saioak, baina hona eztabaidaren ideia nagusi batzuk:
Gardentasuna, parte hartzea eta adostasuna, hiru gako horiek aintzat hartuz lanean diharduela nabarmendu du Eneko Goiak alkateak bere adierazpenean. Udala herritarren zerbitzura egon behar duela esan du; “
parte hartzea jarrera kontua” delako. Baina horretarako baliabideak eskaini behar direla onartu du.
Illunberen erabilera jarri du adibide gisa. Kontsulten araudia errespetatzeko konpromisoa erakutsi du alkateak. Oztopoen gainetik,
udalaren autonomia defendatuko omen dute. Eta herritarrek abiatutako lehen prozesua, zezenketen inguruko herri galdeketa alegia, burutu ahal izateko bide guztiak jorratuko dituela.
Gizartea
Donostiak 186.000 herritar inguru ditu. Azken zazpi urtean biztanleriak ez du aldaketa handirik izan. Dena dela,
jendartea gero eta zaharragoa da: “Hiria zahartzen ari zaigu”, esan du alkateak.
Horregatik, Hiri Lagunkoiaren aldeko politikak sustatuko dituzte.
Zahartzaro aktiboago bat lortzea da helburua, eta adineko jendearen eskarmentua eta jakintza indargune gisa baliatzea. Dena dela, hiria errealitate horretara egokitu beharra dagoela nabarmendu du alkateak.
Eta
gazteak daude txanponaren beste aldean: “Gazterik gabeko hiri batek etorkizun zaila du”, dio Goiak.
Lanerako eta etxebizitza duin bat lortzeko baliabideak eskaintzearen beharraz mintzatu da. Jakintza eta berrikuntza mailan eredugarria dela Donostia aipatu du, baina jakintza hori hirian geratzeko erraztasunak eskaini behar direla.
Ekonomia
Udala egoera
ekonomiko onean dago. Aurreikuspenak bete dituzte, eta 2017rako aurrekontu “orekatu bat” prestatzen ari direla aurreratu du alkateak;
274 milioiko aurrekontua aurkeztuko dute, iazkoa baino sei milioi handiagoa. Illunberen salmenta ere gakoa izango da, diru sarrera garrantzitsua izango bailitzateke.
Donostiarren egoera ekonomikoa ere hobetzen ari da, baina oraindik hobetzeko asko dagoela esan du alkateak. Enpleguaren sorrerak, esaterako, goranzko joerari eusten dio, baina
enpleguaren kalitatea omen da bermatu beharrekoa. Horretarako, zerbitzuekin batera oinarri industrial sendo bat edukitzea ezinbesteko dela uste du Goiak.
Aberastasuna eta lana banatzeko garaian,
auzoen arteko oreka lortzea izango da udal gobernuaren erronka nagusia, ekialdeko auzoei bultzada handiagoa emanez.
Turismoa
Turismoa da hiriko ekonomia gehien astintzen duen sektorea. 2011 urteaz geroztik etengabe haziz doa, eta diru-iturri garrantzitsu bat izanik ere sektore askorentzat, kezka iturri ere bihurtu da. Irailean batzorde berezi bat sortu zuten turismoaren inguruko gaiak, kezkak eta ondorioak aztertu eta neurriak hartzeko. Zentzu honetan, “Donostia lehenik eta behin donostiarrentzako hiria” izan behar duela nabarmendu du Amaia Almirall EH Bilduko bozeramaileak, eta ez turistei begirako hiria.
Alkateare esanetan, “arrakasta ona da, baina turismo eredu iraunkorra eta kalitatezkoa bermatu behar da”. Donostia
kalitatearen ikur izan behar du, eta horretarako eskaintza erregulatu beharra dago.
Apartamentu turistikoen auzia eztabaidatu dute puntu honetan, zuzenean eragiten ari baita etxebizitzen, eta batez ere, alokairuen prezioetan.
Etorkizuneko proiektuak
Urumea ibarraren birmoldaketa da udalaren erronka nagusienetariko bat.
Urumea ibaiertza zabaltzeko lanak eta bertako hirigintza proiektuak: Txomin Enea, Antzieta, Antzieta…. Bigarren faseari ekiteko Martuteneko kartzela eraistea ezinbestekoa da, baina “Madrilgo gobernuaren eskuetan” dago erabakia.
Uliako mintegietako hirigintza planarekin aurrera egiteko asmoa ere azaldu du alkateak.
Kirol arloan, Anoetaren birmoldaketa eta Altzak kiroldegia nabarmendu ditu. Azken honetan amiantoa topatu izanak ez duela proiektua zalantzan jarriko berretsi du gainera.
Udal zerbitzuen funtzionamendua hobetzeko udal eraikinetan egingo diren aldaketak ere nabarmendu ditu: Udaltzaingoa Morlansera pasatzea; Turismo zerbitzu bateratua jartzea udaletxearen beheko solairuan; edo kultur hiriburutza amaitzen denean Easo kaleko eraikinari emango zaion erabilera, esaterako. “Denboran luzatuko diren moldaketak” direla esan du alkateak, baina herritarrei eskainitako zerbitzua nabarmen hobetuko dutenak.
Bizikidetza
ETAk borrokak armatua eten zuenetik bost urte igaro diren egunean bizikidetza ere hizpide izan dute Politika Orokorreko osoko bilkuran. Goiaren esanetan, “azkar ohitu gara egoera berrira, baina lan asko dago oraindik egiteko; denon artean egiteko”. Zentzu horretan, Giza Eskubideen batzordean alderdi guztiak egotearen balioa azpimarratu du.
“
Biktima guztien aitortza eta giza eskubideen errespetua” behar lukeela etorkizuna eraikitzeko oinarria esanez amaitu du Eneko Goia alkateak.
Gainerako alderdi politikoek euren iritzia eman ondoren, eguerdian bakoitzak bere ebazpen proposamenak prestatuko ditu, eta arratsaldean ekingo diete pleno bereziaren bigarren zatiari.