
Asteburua eguzkitsua herrian igarotzen ari dira Igeldotarrak. Izan ere, gaur eta bihar artean, udazken festa ospatzen ari dira. Goizean, auzolana egin dute, guraso elkarteak antolatuta; eta, ondoren, bazkaria egon da bertaratu diren guztientzako. Arratsalde eta gauean, berriz, afaltzeko aukera egongo da, bertso musikatuak eskaintzen dituzten bitartean. Bertan izango dira: Xamoa, Jokin Labaien, Manex Mujika eta Jon Martin bertsolariak, eta Gari Otamendi eta Ixak Arruti musikariak.
Bihar, igandea, ere egun osoko plana izango dute Igeldokoek. 10:30etik 13:30era azoka egongo da, bertako baserrietako produktuekin osatutakoa. 14:00etan, Din Din elkarteak prestatutako herri bazkaria egingo dute kultur etxean, eta herriko aiton-amonak omenduko dituzte. 18:00etan, erromeria eskainiko dute Leire eta Amaia trikitilariek, eta jarraian, Igeldoko talogileek prestatuko dute askaria.