Denboralea, Zurriolako hondartzan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Donostia klima aldaketaren aurrean izeneko erakusketa antolatu du Donostiako Udalak Gipuzkoako Argazkilari elkartearekin elkarlanean. Udaran antolatu zuen izen bereko argazki lehiaketaren emaitzak egongo dira bertan ikusgai.
50 argazkitik gora jaso zituzten eta Zinemaldian egin zuten sari banaketa. Argazki horietan herritarrek klima aldaketaren aurrean duten pertzepzioa ikus daiteke.
Klima Aldaketara Egokitzeko Plana idazten ari da udala eta horren barruan antolatu dituzte lehiaketa eta erakusketa.
“Jasotako argazkiek pentsarazten digute herritarrak hasiak direla klima aldaketa gure kostaldea astintzen ari diren eta azkeneko urte hauetan hondamen ugari eragin dituzten gertakariekin lotzen”, azaldu dute antolatzaileek. Halaber, azpimarratu dute, besteak beste, honelako borrokekin lotzen dutela klima aldaketa: motorrik gabeko mugikortasunerako bitartekoak, hondakinen birziklatzea eta argiaren kutsadura zaintze.
Erakusketa Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen Pasealeku Berriko egoitzan egongo da ikusgai, urriaren 24tik azaroaren 6ra bitartean.