Eskolako zuzendaritzako kideek eta Donostiako alkate Eneko Goiak inauguratu dute; ikasleak ere bertan izan dira, eta ekitaldian dantza eta musika izan dira nagusi.
Altzako herri ikastetxeko estalki berria. (Argazkia: Miren Azkarate)
Altzako San Jose de Calasanz herri ikastetxearen aspaldiko eskaera bat egi bilakatu da. Hain zuzen ere,
eskolako jolastokiaren zati bat babesteko, estalki bat jarri dute. Lanak
uztaila inguruan hasi ziren, eta gaur inauguratu dute estalkia. Bertan izan dira ikastetxeko zuzendaritza kideak, ikasleak, gurasoak eta erakundeetako ordezkariak –tartean, Eneko Goia alkatea eta Miren Azkarate Hezkuntza zinegotzia–.
Lehenik eta behin,
eskolako zuzendari Mariasun Elizazuk estalkiaren azpian jarri duten zinta moztu du, Goia eta Azkarateren laguntzarekin. Ondoren, 3. eta 4. mailako ikasleek
Eskuetan kanta
abestu eta dantzatu dute. Jarraian, ikasle guztiak batera
Behin betiko izeneko kanta abestu dute. Azkenik, ospakizun ekitaldiari amaiera emateko, mokadutxo bat jateko aukera izan dute irakasleek eta erakundeetako ordezkariek.
Poza, nagusi
Elizazuk azaldu duenez, poz handiarekin hartu dute jolastokiko estalki berria: “Guretzako aurrerapen izugarria izan da; bereziki, orduz kanpoko jardueretarako. Jolasgarairaiko ere bai, noski, baina jolastokia beti irekita uzten dugunez,
auzorako eta auzokideentzako ere albiste oso ona izan da, eta pozik daude abantaila berri honengatik. Ea etorkizunean beste erdia estaltzeko aukera dugun!”.
Alkateak adierazi du estalkiak
220.000 euro inguru balio izan dituela: “Ikastetxeak eta auzoak berak aspalditik egindako eskaera da. Asko kostatu da, eta borrokatu behar izan dugu jaurlaritzak onartu zezan. Aurrera eraman genuen proiektua Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza batzuen barruan. Eta, azkenean, beraiek % 60 ordaindu dute –120.000 euro inguru–, eta
udalak % 40 –100.000 euro–. Beraz, pozik gaude proiektuak aurrera ateratzen direlako”. Donostiako Udaleko Obra eta Zerbitzuen sailak egindako lana da.
Altzako San Jose de Calasanz herri ikastetxeak 411 ikasle ditu guztira. Haur Hezkuntzakoentzako (3-6 urte) eraikin bat dute, eta beste batean Lehen Hezkuntzako (6-12 urte) ikasleak daude.