Gipuzkoako Diputatuen kontseiluak ezezkoa eman dio metroaren igarobidearen inguruko herri galdeketa egiteko eskaerari.
Satorralai bizilagunen mugimenduaren agerraldia. (Argazkia: Malen Aldalur)
Metroaren inguruko parte hartze prozesua eskatu du Satorralaia bizilagunen mugimenduak hainbat hilabetez. Eusko Jaurlaritzara jo zuen lehenengo baina ez zuen erantzunik jaso; udaletxera ondoren, baina udalak metroaren igarobidea eskumenik ez zuela esan zieten; azkenik,
lehengo astean ezezkoa eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak Satorralaia bizilagunen mugimenduak 8.916 donostiarren sinaduren babesarekin herri galdeketa egiteko aurkezturiko eskaerari.
Joan den uztailean erregistratu zituzten sinadurak Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan, metroaren igarobidea geldiarazi eta proiektuaren inguruko galdeketan amaituko den parte hartze prozesu bat abian jartzeko eskatuz.
“Eusko Jaurlaritzaren aldetik erantzunik ere ez dugu jaso”, azaldu dute Satorralaia mugimenduko kideek. Bestalde, aldundiak euren eskaera atzera botatzeko honelako argudioak erabili dituztela azaldu dute: “Gipuzkoako Foru Aldundiak dio beste erakunde baten eskumenekoa den proiektu eta politika bat laguntzean ez duela proiektu edo politika hori bere eskumeneko bilakatzen”. Satorralaia mugimenduak, berriz, guztia “iruzur bat” dela uste du.
Donostiako udalari dagokionean, Eneko Goia alkatearekin bildu zirela azaldu dute: “Udaletxean esan ziguten ez zutela metroaren pasantearen inguruan inolako eskumenik, eta gai honen inguruan ezin zuela ezer egin”. Dena den, salatu dute udalak hiriko plan orokorra aldetzeko asmoa erakutsi zuela Eusko Trenek Eason dituen lurrak birkalifikatzeko eta, horrela, “metroaren igarobidearen obra finantzatzera zuzenduko diren 30 milioi euro inguru lortzeko”.
Hori dela eta, agintarien “hitzontzikeria eta hipokresia” salatu dituzte: ” Ez ditzatela parte hartzea, demokrazia parte hartzailea eta gardentasuna bezalako hitzak erabili”. Bukatzeko, honela galdetu dute Satorralaia bizilagunen mugimenduko kideek:
“Donostiako bizilagunen artean metroaren pasantearen egitasmoak oniritzia daukala hain ziur badaude, zeren beldur dira?”.