Jose Ramon Elizondo, Aloña Berri tabernako nagusia.
Hondarribiko Ostalaritza Elkartearen ekimenez, egun itxita dagoen Groseko Aloña Berri tabernako Jose Ramon Elizondo eta Conchita Bereziartua omendu zituzten asteazkenean, Euskal Herriko Pintxo Txapelketaren XI. edizioan. Pintxoaren munduan egin duten lana eta lortuta duten erreferentzialtasuna aitortu nahi izan dizkiete. Pozik hartu du berria Elizondok: “Ez nuen omenaldiaren berririk eduki astelehenera arte. Tenerifen nengoen oporretan eta alabak antolatu zuen guztia”. 14 urte zituela hasi zen barraren atzealdean lanean, eta orain dela bost urte hartu zuen erretiroa. “Lan asko egin dugu, emazteak, alabak eta nik eta asko eskertzen da horrelako aitortza bat jasotzea”, azaldu du Elizondok.
Oñatikoa den arren, 9 urterekin Donostiara etorri zen bizitzera. Aloña tabernaren jaiotza ikusi zuen; eta, 1986an, Aloña Berri taberna sortu zuen, bere emazte Conchita Bereziartuarekin batera.
Hainbat sari irabazitakoak dira beraiek ere. Jaso zituzten sarien artean daude: Espainiako pintxoen taberna onenaren Gourmetour saria, Valladolideko txapelketaren lehen saria eta Gipuzkoako txapelketarena.
Ilusio handiz jaso dute aitortza eta familia guztiarekin batera ospatu dute Kursaalean egindako omenaldia.