Ontzi aldaketak doan izatea nahi du EH Bilduk. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Garraio publikoa sustatzea da EH Bilduren mugikortasun ereduaren oinarri nagusia. Eta lan horretan herritarrei erraztasunak eman behar zaizkiela uste dute.
2013. urtean jarri zen abian Mugi txartela Gipuzkoan, eta hobekuntzak ekarri bazituen ere, badagoela zer hobetua uste du EH Bilduk garraio publiko ezberdinen arteko intermodalitatea lortzeko. Garraiobide ezberdinen arteko loturak doakoak izatea eskatuko du alderdi abertzaleak biharko osoko bilkuran.
Gaur egun, zerbitzu bat baino gehiago erabiltzen bada, Euskotren-Dbus edo Lurraldebus-Dbus esaterako, bidaiak garestiagoak dira. Izan ere, ontzi-aldaketetan bi garraiobideen arteko txartelak ordaintzen dira; garestienaren %100a eta merkeenaren %25a.
Ontzi-aldaketak doakoak izateko eskatuko du EH Bilduk. Horretarako, 2014an Lurralde Garraio Agintaritzaren Tarifen batzordeak egindako txostena aintzat hartu du. Txosten horren arabera, ontzi-aldaketak doan izateak urteko 300.000 euroko kostua izango luke herri-administrazioentzat.
Axier Jaka, EH Bilduko zinegotziaren ustez, gastu hori “onargarria” da herri-adminstrazioentzat, eta erabiltzaileentzat, berriz, “abantaila izugarria” izango litzateke.
Jakaren esanetan, “neurri honek garraio publikoa erakargarriagoa eta iraunkorragoa izatea ekarriko luke, eta baita auto pribatuen aurrean lehiakorragoa ere”. Neurria Donostiara ekarrita, Dbus autobus konpainiaren erabilera ere areagotu egingo litzatekeela uste du: “Donostiara trenez edo autobusez datorrenak errazago hartuko du hiri barneko autobusa, doan aterako zaiola baldin badaki”, esan du Jakak.
Apiriletik apirilera jartzen dituzte garraio publikoetako tarifak, baina orain, urte bukearan, zehazten dituzte. Horregatik, erabakia hartu aurretik doako ontzi aldaketen aukera aztertzeko eskatuko die EH Bilduk Gipuzkoako Lurralde Agintaritza osatzen duten erakunde nagusiei biharko mozioaren bidez.