
Okupazio eguna antolatu dute azaroaren 5ean Letaman gaztetxean. Bertan, besteak beste
, okupatzeko arrazoiak, arazoak, moduak, jarrerak eta ikaspenak elkarbanatuko dituzte. Azaldu dute, eguna elkarrekin pasatzeko plana dela: “Gaian interesa dugunok elkar ikusi eta ezagutzeko, eta dakizkigunak elkarbanatu eta freskatzeko eguna izango da”.
Goizeko 11:00etan, ‘Legea aberatsak babesteko’ izenpean Okupazio bulegoaren eskutik, okupazioaren inguruko kontu legalak landuko dituzte. Ondoren, bazkaria egingo dute eta arratsaldean etxeko obrak egiten ikasteko aukera egongo da: “Okupatu edo beste edozein aukera jarraituta ere, ura eta argindarra kudeatzen ikastea ederki etorriko zaigu”. 18:00etan, okupazioaren inguruko antzerkia egingo dute elkarrekin eta kontzertuekin bukatuko dute eguna.
Denentzako eguna izango dela azaldu dute: “Okupentzat, okupatu nahi dutenentzat, jakin mina dutenentzat, eguna goxo pasa nahi degunontzat, denei luzatzen diegu deia”.
Bazkarirako izena emateko eskatu dute. Ahal dutenek 6 euro ordaindu beharko dute eta besteek 3 euro. Egunean zehar ateratako diru guztia okupazioari loturiko gastuak ordaintzera bideratuko da.