Belartza 2ra eramandako hondakinak bertatik eramateko eskatu du Irabazi Donostiak. (Argazkia: Naturzaleak)
Urriko udalbatzarrean ere hizpide izan dituzte Belartzako lanak. EH Bilduk eta Irabazi Donostiak kontrol mozio bana aurkeztu dituzte eta gaia eztabaidatu dute berriro.
EH Bilduk bi eskaera egin ditu: Belartzako lanetan atzematen den irregulartasun bakoitzeko espediente bat ireki dezala udalak. Hau da, kontrol lan handiago egin dezala, eta irregulatasun guztiak salatu eta neurriak hartu ditzala. Ahobatez onartu dute eskaera hau.
Bestetik, Belartzako lanen legezkotasuna bera bermatzeko ere eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari, baina eskaera honek ez du aurrera egin.
Enrique Ramos, Hirigintza zinegotziak onartu du irregulartasunak egon badirela Belartzan, baina “arduraz” egiten dutela horien jarraipena eta kontrola. Dena den, eraikuntza enpresa “harpa jotzen” aritu zaiela onartu du, lanak gelditzeko aginduari entzungor eginez.
Irabazi Donostiako Loic Alejandro zinegotziaren ustez ere, Belartzako lanak egiten ari den enpresa “barregarri” uzten ari da udala, bere aginpidea zalantzan jarriz. Isun handiagoak jartzeko eskatu dute.
Irabazi Donostiak harrobi zaharreko lurrak Belartza 2ra ez eramateko ere eskatu du, “gune hori ez delako zabortegi bat”. Lur hondakinak bertara isurtzeko agindua bertan behera utzi eta Belartza 2-ri landa eremu izendapena emateko ere eskatu du Irabazi Donostiak. Udalbatzak ez ditu eskaerak onartu, udal gobernuaren ezezko botoarekin.
Bestalde, Belartza 2 gelditu taldeak bilera irekia egingo du bihar Añorgako zinean egoeraren berri emateko herritarrei. 19:30erako jarri dute hitzordua.