Aiete Ondare Elkarteko bi kide. (Argazkia: Lide Ferreira)
Garai batean, Aieteko Gorritene eta Santa Teresa baserrietatik ura eramaten zuten erreka batzuk zeuden, eta Parte Zaharreraino iristen zen ur hori. Bada, Donostiako lehen emari horiei balioa emateko asmoz, Aiete auzo elkarteko Ondare Elkarteko zenbait boluntario ingurunea garbitzen eta bertan dagoen sasitza kentzen ari dira, auzolanean eta Aranzadiren laguntzarekin.
Gorritene eta Santa Teresa baserrietatik jaisten zen ura ibar batean elkartzen zen, eta bertan harraska bat zegoen –duela 80 urte inguru, utzi zioten erabiltzeari–. Horren berri bazuten Aietekoek, eta garbitegia aurkitzea lortu dute. Horretaz gain, garitoi bat ere aurkitu dute, eta bigarren baten bila daude oraindik. Bitartean, erreka zenaren bidea garbitzen jarraitzen dute.
Egindako lanarekin guztiarekin, euren helburua da, udalarekin batera, bide bat egokitzea eta Morlans eta Aieteko bizilagunentzako ez ezik, donostiarrentzako ezezaguna den eremu hau irekitzea.
1609an inauguratu zuten
Boluntarioek azaldu dutenez, uren ekartzearen obra Juan Gerrier iturginak egin zuen, eta 1609an inauguratu zuten: “Ura 19 iturburutik sortzen zen, eta bi adarkaduretatik jaitsi egiten zen. Horiek Isoztegi baserriaren ondoko garbigailu batean bat egiten zuten. Ur horniketa 1835ean ezabatu zuten, “Lehenengo Gerra Karlistan karlistek beraiek egindako etengabeko sabotajeen ondorioz”.