Jardunaldien aurkezpena. (Argazkia: Uztarria)
1974ko abenduaren 18an hil zuen Guardia Zibilak Mikel Salegi Urbieta, 21 urte zituela, Donostiako Errekalde auzoan ezarritako kontrol batean. Hamazazpi aldiz egin zioten tiro. Itziar Salegi, Nekane Salegi eta Miren Salegi, Mikel zenaren hiru arrebek salatu dute 42 urtean familia “laguntza instituzionalik gabe borrokan” aritu dela justizia lortzeko. Jakinarazi dute udalaren eta Donostia 2016 Fundazioaren “bakea eta bizikidetza”-ren proiektuei dagozkien edozein datu basetik baja emateko eskatu dutela, IRUTXULOKO HITZAra bidali duten gutunean azaldutako arrazoiengatik.
Mikel Salegiren senitartekoen gutuna:
‘Estatuaren indarkeriaren biktimei egindako irainak’
Egia, justizia eta erreparazioa lortzearren, Gasteiz, Iruña eta beste hiri batzuek estatu indarkeriaren biktimen aldeko kereilak bultzatzen dituzten bitartean, Donostiako Udalak iraindu eta umiliatzen gaitu. Gure hiriko udalak asko hitz egiten du bakeari buruz, baina garbi dago bake hori ez dela guztion bakea.
Ezer baino lehenago, gertatutakoaren berri eman nahi dugu: Gure anaia Mikel Salegi Urbieta Guardia Zibilak asesinatu zuen 1974ko abenduaren 18an, Donostiako Errekalde auzoan ezkutatuta zegoen kontrol batean. Lankide batzuekin afaltzetik zetorren. 21 urte besterik ez zituen eta bizitza osoa aurretik. Tiroz josi zuten eta odolgabetuta hil zen jaso zituen 17 tiroengatik.
Ondoren azalduko dugunarengatik Donostiako Udalaren eta Donostia 2016 Fundazioaren “bakea eta bizikidetza”-ren proiektuei dagozkien edozein datu basetik baja eman gaitzaten nahi dugu. Ez dugu berriro mindu eta umiliatuko gaituen inongo informaziorik jaso nahi. Egin ezazue zuen “bakea” baina utz gaitzazue “bakean”! Gure hiriko udalak gure anaiarekin eta gurekin justua izateko itxaropena galdu dugu. Dagoeneko gu defendatzea ez dugu espero. 42 urtetan zehar, laguntza instituzionalik gabe, borrokan aritu izan gara gure anaiari zor zaion justizia lortzeko. Gu bakarrik egitera ohituta gaude eta horrela jarraituko dugu. Gure babesa bakarra gizarte zibila izan da beti. Eta hori izaten jarraitzen dugu.
Asko dira jasotako bidegabekeriak, baina bi hauek izan dira gure patzientziaren ontzia bete dutenak. Hil honetan Bakea gugandik eraikitzen – Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea jardunaldiak bultzatu genituen. Azpeitiko udalak besoak zabalik hartu gintuzten, San Telmo Museoak eta Donostiako Udalak proiektuan kolaboratzeari ezezkoa eman ondoren. Geroago, Eneko Goia jaunak, Donostia hiriak jardunaldiak ez hartzea tamalgarria zela entzun zuen okasio batean, bere ezezkoaren ardura antolatzaileei leporatu zien, udalaren edota museoaren logoa ez genuela onartzen esaterakoan, gezur itzela esanez. Hori gezurra dela baieztatzen duten korreoak ditugu. Gainera jardunaldien karatula publizitarioan laguntzaileen logoak agertzen dira: UEU, Udako Euskal Unibertsitatea, Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia. Zergatik emango genioke ezezkoa?
Orain Eneko Goia jaunak Donostia 2016 Fundazioak sustatutako “biktimen errekonozimendurako” Adiorik gabe izeneko emankizun artistikora gonbidatu gaitu. Zein biktimaz ari gara? 12 biktima omentzen dira. Horietatik 9 ETAren biktimak dira, 1 Guardia Zibilarena, 1 Batallon Vasco Españolena, 1 GAE-Grupos Armados Españolesena. Indarkeriak eragindako biktima guztien proportzionaltasun eta inklusibitatearen adibide ederra. Estatuko biolentziaren biktimak aurkitzeko zailtasunak izan al dituzte? Hau al da Donostiako Udalak sustatzen duen bakea?
Gainera, kasualitate bati esker izango balitz ere, emankizun horietako bat egiteko aukeratutako data abenduaren 18a da, gure anaia asesinatu zuten data. Sentiberatasunaren sekulako adibidea! Honengatik guztiagatik, gure eskaera berresten dugu: estatuko biolentziaren biktima gisa, ez dugu jaso nahi udalaren ezta Donostia 2016 fundazioaren bakea eta bizikidetzari buruzko informaziorik.
Itziar, Nekane eta Miren Salegi Urbieta (Donostia)