Ministroen kontseiluak erabakiko du zezenketen inguruko galdeketa egin ala ez
Udalbatzak gaia Madrilera eramango duen irizpen bat adostu du.
Donostia Antitaurina Orain taldeak abiatutako prozesuak otsailean behar luke amaiera, zezenketen inguruko galdeketa eginez.
“Illunbe zezenketak egiteko alokatu behar den, bai ala ez; hori da galdera. Galdera ez gustatzea ezin da irizpenaren aurka egiteko argudio izan”, esan du alkateak, PPren kontrako jarreraren aurrean. Goairen ustez, “aitzakiak dira, herritarrek libreki iritzia ematea ez onartzeko”.
Miren Albistur zinegotzi popularraren ustez, ordea, udalbatzak onartutako irizpenaren aurka egiteak ez du esan nahi herritarrei galdetzearen aurka daudenik.
Zezenketen inguruko herri kontsulta egiteko Ministroen kontseiluari baimena eskatzea onartu du udalbatzak. EAJ, PSE-EE eta Irabazi Donostiaren aldeko botoa izan du irizpenak; PPk kontra bozkatu du, eta EH Bildu abstenitu egin da.
Eneko Goia alkatearen esanetan, ez luke hain zaila izan behar herritarren iritzia jakitea: “Ez da atsegina horrela ibili behar izatea, baina egoerak honetara garamatza”.
Udalak dituen baliabide guztiak erabiliko dituela berretsi du udal gobernuak, herritarren iritzia “klabea” izan behar duelako udal kudeaketarako.
Duñike Agirrezabalaga Partaidetza zinegotziaren esanetan ere, “demokrazia batean zientzia fikzioa dirudi galdeketa bat egiteko baimena eskatu behar izatea”.
EH Bilduk ere ez du onartzen Espainiako estatuari baimena eskatzea; bide horren aurka daude, baina ez dute prozesua oztopatu nahi, eta horregatik jo dute abstentziora. Axier Jaka zinegotziak azaldu duenez, udal autonomia mugatzea da baimena eskatzea, eta gainera, “baimena eskatzeak badu ezezkoa jasotzeko arriskua”.