Hildako senide edo lagunen omenezko eguna da berez azaroaren 1a. Baina, gaur egun, bestelako ohitura batzuk ere zabaldu dira jendartean. Bizitzaren eta heriotzaren arteko atea irekitzen den egun bakarra da agian.
Hilerriak lorez beteko dira datozen egunetan; Polloe ere hala ageri da.
Hauts zara eta hauts bihurtuko zara!, horixe izan da eliza katolikoak orain arte bota duen epaia. Diskurtsoa aldatu eta senide edo lagunen errautsak etxean gorde edo botatzea debekatu du orain. Hobiratzeak lehenesten dituzte, eta erraustekotan, hautsak leku sakratuetan gorde behar omen dira. Norbere etxea ez da nonbait nahikoa sakratua maite dugun horren azken hondarrak gordetzeko.
Mamuak ikusten hasi da eliza katolikoa. Polloeko hilerrian goitik begiratzen duten aingeru erraldoi horiek adinako beldurra sortzen duten mamuak. Nork utzi du kalabaza laranja bat eliza atarian? Begi zuloetatik eta aho zulo zulatutik argia dariola barrezka ari den kalabaza laranja?
Antzoki Zaharrean aske dabil Godzilla berriro, agian bera izan da. Eliza ere beldurrezko astearen protagonista bihurtu da atarramendu berriarekin. Beldurra zabaltzeko saiakera egin baitu, bere funtzio soziala galduko duelakoan. Dena dela, eliza katolikoak ematen duen soseguarekin edo sosegurik gabe, zaila izan ohi da heriotzari begietara begiratzea. Ahazten ez dena ez omen da guztiz hiltzen, eta horregatik izendatuko zuten agian hildakoez oroitzeko gutxienez urtean egun bat: azaroaren 1a.
Baina nahasmen handiko egunak ere badira:?dolua, mina, beldurra, umore beltza, jai eguna, ospatzeko gutxi, loreak eta kalabazak. Zentzurik gabeko nahasketa bitxia da.
Hala ere, galdutako senideei loreak eramatea da ohikoena egunotan. Loreak, galdutako senide edo lagunari. Kolore pixka bat herioren itzal beltzari. Polloeko kaleak ere hala ageri dira: marmol zuri eta harri grisak mila koloretako lorez apainduta. Baina, era berean, psikosi puntu bat ere hartu du loreen kontu honek. Zenbat eta lore gehiago eraman, erramu handiagoa jarri, galdutako hura gehiago maiteko balitz bezala. Ondoko hilarrian lorerik ez badago, ahaztu dira hildako senide edo lagunaz, akaso. Edo, loreak zimelduta badaude, noiztik ote dute ahaztua. Dolua norberak darama, ordea, barnean, ez eskuetako loreetan.
Goran edo beheran?
Antzinatik erdigunetik urruti samar egin dira hilerriak, herri gainetan gehienetan, zerurako bidea gertuago izan dezaten edo. Polloe ere horrela eraikia da. 1878. urtean inauguratu zuten, eta eremu horretan zegoen baserri batek, Polloe-Eneak eman zion izena. Aurrez Grosen, San Martinen, San Bartolomen eta Antiguan ere izan ziren hilerriak, baina txiki geratu ziren, eta hilek ez ezik, bizidunek ere leku gehiago eskatzen zutenez, Egian egin zituzten zerurako bideak.
Jaiotzeak hiltzea zor duela jakinik ere, ez da sekula hilen herriko atea jotzeko presarik izaten. Azaroaren 1a, hilen eguna, santu guztien eguna, domu santu eguna, eta dagoeneko Halloween ere gehitu zaio zerrendari. Kalabaza laranjek hartu dute loreen lekua. Hildakoei omen, agur egitetik, zonbien festara, mamuekin jolas egitera.
Bizitzaren eta heriotzaren arteko atea zabaltzen den eguna da azaroaren 1a. Kondairak dio Polloetik alde egindako hildakoak badirela. Ez burdinezko bi ate erraldoietatik, lur azpitik baizik. Antza 60. hamarkadan autobideko lanak egiten ari zirela, Egiako hilerriaren azpitik igarotzen diren tuneletara hainbat zerraldo erori ziren eta ihes egin zuten bertan atseden hartzen zutennek. Agian haiek dabiltza eliza atarietan kalabaza argiztatuak jartzen.