Bageraren jardunaldien barruan, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako, Igeldoko esperientzia, Garajetarrak eta Osakidetzan euskaraz proiektuko kideen esperientziak jaso dituzte.

Aitziber Gurutzeaga. (Argazkia: L. Ferreira)
“400 lagun izateak indarra eta segurtasuna eman zion jendeari”. Aitziber Gurutzeaga, Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako.
Non kokatu behar da zuen esperientzia?
Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako Kontseiluaren txosten batean oinarrituta sortu zen. Horren arabera, eskolak bakarrik ezin du euskalduntze prozesuan lagundu, eta haurren ingurunea ere kontuan hartu behar da.
Zer egin zenuten hori lortzeko?
Argi genuen haurrentzako emanaldiak, tailerrak eta horrelakoak ondo daudela, baina ahalduntzeari heldu nahi genion. Justu Lutxo Egia bere transitoan ari zen, eta gure inspirazio iturri izan zen. Azkenean, berea gurera ekartzea erabaki genuen, eta auzoko eragileekin lanketa hori egitea, hau da, zortzi astez, eguneroko bizitza euskaraz egin zuten auzoan, astebeteko txanden bitartez.
Zer nolako harrera izan zuen?
Helburua zen eragile bakoitzetik ordezkari banak esperientzia bizitzea, baina ekimenak efektu biderkatzailea izan zuen, eta azkenean 25 eragilek hartu zuten parte. Jende guztiak oso positibotzat jo zuen ekimena. Gainera, parte hartzeak sortu zuen ilusio eta poztasun saltsa handia. Taldean 400 lagun izateak ere indarra eta segurtasuna eman zion jendeari; eta ahalduntze prozesu baten hasieran badaudela konturatzeko balio izan zuen.
Hemendik aurrera, zer?
Euskaraz Bizi Nahi Dugulako-n parte hartu dutenen artean eragile oso desberdinak daude: dantza taldeak, gastronomia elkarteak, eskolak… Eta guztiak daude prest ekimenarekin jarraitzeko. Gainera, euskarazko denda eta tabernak identifikatuko ditu udalak, Merkataritzan eta Ostalaritzan ere euskaraz kanpainaren barruan.
“Sustatu nahi ditugu eskolaz kanpoko hizkuntza ohiturak”. Alex Aisa. Igeldoko esperientzia.

Alex Aisa. (Argazkia: L. Ferreira)
Bitxia da Igeldo bezalako herri batean euskararen aldeko ekimen bat abiatzea.
Bai. Igeldon, 627 euskaldun daude, eta 171 erdaldun. Gainera, antolatzen diren jarduera guztiak euskaraz egiten dira. Hizkuntzari eutsi zaio; eta, beraz, esan dezakegu euskaraz bizitzeko arnasgune bat dela Igeldo. Baina haur eta gazteen artean euskararen erabilera jaitsi zela sumatu genuen. Eskoletara iritsi zen gaztelera, eta alarma guztiak piztu ziren. Azken finean, behar batetik sortutako erantzun bat izan da, eta bide bat egiten ari gara.
Zein da helburua?
Euskararen gaia sartu nahi izan dugu eskolan eta familiatan, modu antolatu batean eta egitura sendo baten bitartez. Guraso elkarteko kideak, eskola eta herri kontseilua elkartu ginen, eta 14 urte arteko haur eta familiengan eragitea erabaki genuen.
Zein arlotan eragingo duzue?
Ikasturte honetan hiru arlotan eragingo dugu, momentuz. Lehenik, Igeldo arnasgune izateko irteerak eta jarduerak antolatuko ditugu, euskaraz bizitzea ahalbidetuko digutenak. Bigarrenik, sustatu nahi ditugu eskolaz kanpoko hizkuntza ohiturak. Beraz, hori lortzeko, gurasoak inplikatzea nahi dugu, beraien artean aliatuak bilatu. Eta, azkenik, eskolaz kanpoko jardueretan arituko diren hezitzaileak formatu: adibidez, estrategia batzuk zehaztu erdarako joera horiek nola ezabatu jakiteko. Horretarako, kirola bilakatuko dugu arnasgune, eta eskola txikien arteko txapelketa bat antolatu dugu, beste herrietara joan eta euskaraz bizitzeko.

Marijo Rubio. (Argazkia: L. Ferreira)
“Polita iruditu zitzaidan euskara eta musika elkartzea”. Marijo Rubio. Garajetarrak.
Nola sortu zen ideia?
18 eta 20 urte inguruko seme-alabak ditut, eta euren aisialdian musika talde batzuetan hartzen dute parte. Auzoko garaje eta lokaletan aritzen dira entseatzen. Bada, polita iruditu zitzaidan euskara eta musika elkartzea: azkenean, euren euskarazko musika kalera aterako zuten, auzoaren parte sentitzeko.
Gazteak animatu ziren?
WhatsApp bidez hasi ginen zabaltzen, eta arrakasta handia izan zuen: Donostiako talde askok interesa adierazi zuten. Kontua da antolatzerako garaian zailtasunak izan genituela. Izan ere, euskara hutsean abesten zuten oso talde gutxi zeuden, eta beste batzuk ez ziren gai ikusten 40 minutuko emanaldi bat euskara hutsean egiteko. Halere, talde batzuk ahalegin handia egin zuten euskarazko abestiak prestatzeko.
Esperientzia bideratzeko elkarlana ezinbestekoa izan da, ezta?
Hala da. Amara Berriko euskara batzordearekin batera lan egin du kultur etxeak. Beraiek jarri zuten soinu ekipo itzela, foko eta guzti, oholtza handia… Gainera, udaleko euskara zerbitzuak ere lagundu zigun, eta komunikabideetan informazioa argitaratu zen.
Nolakoa izan zen jarduera?
Gurea egun bateko kontua izan zen. Estilo anitzetako bost taldek hartu zuten parte, eta bakoitzak 40 minutuko kontzertua eskaini zuen. Usandizaga ikastetxearen inguruan jarri genuen oholtza, baina jende gutxi hurbildu zen. Horren harira, jaso ditugu iritziak eta saiatuko gara hurrengorako kontuan hartzen.
“Egiako esperientzia sendotu eta zabaldu nahi dugu”. Irene Gil. Osakidetzan euskaraz.

Irene Gil. (Argazkia: L. Ferreira)
Zergatik ikusi zenuten GERTU programa aplikatzeko beharra?
Konturatu ginen langileei eskaintzen zitzaien prestakuntzak ez zuela eraginik euren eguneroko jardunean, eta zerbait aldatu behar zela.
Zein izan da xedea?
Zuzenean langileak egiten duen lanarekin, gaitasunarekin eta postuarekin prestakuntza zehatza prestatzea. Eta, horretarako, beharrezkoa zen langileen konpromisoa.
Proiektua Egiako osasun zentroan abiatu duzue.
Bai. Bertan, bi bide landu ditugu: batetik, euskara plana ulertzeko laguntza eman diegu; eta, bestetik, euskaraz lanean aritzeko oinarrizko baliabideak eskaini dizkiegu, hiztegia eta gidak, besteak beste.
Zer egin duzue, zehazki, langileekin batera?
Harrerako langile gehienak, adibidez, elebidunak dira ahozkoan. Horregatik, idatzizkoa landu dugu: gaztelania hutsean zeuden dokumentuak euskaratu, testu laburrak (emailak, oharrak… ) lantzeko aholku batzuk… Erizaintzakoekin ere itzuli ditugu test batzuk, erretzeko aholkuak… Eta konturatu ginen eskola osasunarekin lotuta dagoen ia guztia euskaratua zegoela: etika, eskolekin duten harremana, gurasoei bidalitako txostenak…
Esperientzia arrakastatsua izan dela diozue.
Zalantzarik gabe, zentroko buruari eta gainerako arduradunei esker izan da. Hasia zuten lanketa muturrera ekarri dute. Egiako esperientzia sendotu eta beste auzoetara zabaldu nahi dugu orain.