Jose Migel Mendiburu hil da, Martuteneko auzo alkatea eta gasolindegiko jabea
Ahotsak.eus atarian entzun daitezke Jose Migel Mendibururen memoriak. Erretiroa hartzeko batere gogorik ez zuela esan zion IRUTXULOKO HITZAri, 2005eko martxoan egindako elkarrizketa batean. Auzo-lanaren beharra aldarrikatu zuen lau haizetara.
JOSE MIGUEL MENDIBURURI ELKARRIZKETA (2005-03-05)
«AUZOA BIZI-BIZI DAGO ETA AURRERA DOA»
Jose Migel Mendiburuk Martuteneko gasolindegia zabaldu zuen duela 40 urte, eta bertan darrai lanean.
Urte mordoa daramazu gasolindegian lanean, baina aurretik bide luzea egin zenuen han eta hemen, ezta?
Duela 40 urte lan egiten dut hemen; Gaztetan, denetik egin nuen: igeltsero, mekaniko… Gero, 1958an Hego Amerikara alde egin nuen; Txilera joan nintzen. Garai hartan, hemengo jendea Suitzara edo Frantziara joaten zen, baina niretzat errazagoa zen Hego Amerikara joatea, gaztelaniaz hitz egiteko aukera zegoelako. Ameriketan ere denetik egin nuen. Valparaisora iritsi eta bi egunera mahasti batean arduradun jarri ninduten, eta okin ere lan egin nuen han. 1964. urtean etxera bueltatu nintzen, eta orduan jarri nuen gasolindegia Martutenen. Etxetik kanpora asko ikasi nuen, baina etxera, habira, itzuli nahi nuen.
70 urte dituzu, baina oraindik ere gasolindegiaren bulegoan, paper artean, denbora luzean ibiltzen zara, zergatik?
Nik duela bost urte hartu nuen erretiroa. Erreleboa, baina, oraindik ez da iritsi, eta beraz lanean jarraitu behar dut. Hala ere, lanean jarraitzea ez zait axola. Lan egiteari ez zaio utzi behar, bestela burua txoratu egiten da; motorra beti martxan izan beharra dago. Batzuek esaten didate horrenbesteko denbora lanean pasatu eta gero, aberatsa izan beharko nuela; erratuta dabiltzala esaten diet. Izan ere, orain ni lanean hasi nintzenean baino errazagoa da aberastea.
Martuteneko auzo alkate izan zinen. Zer moduz joan zitzaizun eginkizun hura?
Oso gogoan dut garai hartan nik hainbeste estimatzen dudan auzolanari esker egindako guztia. Adibidez, 1972an egin genuen gaur egungo ikastola. Egundoko giro ona zegoen. Hemendik gertu, Perurena sagardotegiaren ondoko frontoia eta elkartea bera auzolanean egin genituen, eta izen horixe, Auzolan, jarri zieten.
Zu Martutenen bertan jaioa zara. Onerako ala txarrerako aldatu al da auzoa urteen poderioz?
Onerako, ezbairik gabe. Batzuek Martutene lo egiteko auzoa dela diote; alegia, ez duela bizitasun handirik. Nik, ordea, kontrakoa uste dut. Auzoa bizi-bizi dago, eta aurrera doa etengabe. Nik, behintzat, asko maite dut Martutene. Elenategi baserrian jaioa naiz eta bertan bizi izan nintzen, 25 urte izan arte. Orain ere auzoan bertan bizi naiz.
Gasolindegian bertan oso lan bitxia egiten duzu: auto gidariei kontuz ibiltzeko aholkatzen diezu, Martutenen haurrak soberan ez daudelako…
Kontua da ibilgailu batzuk, gasolindegi ondoko semaforoan ez gelditzeko, gasolindegian bertan sartu ohi direla. Eta jakina, noizbait trikimailu horren ondorioz, istripurik balego, batek baino gehiagok gasolindegira begiratuko luke, erantzule eske. Horregatik jarri nuen aipatutako kartela.
Jose Migel Mendiburu (Martutene, 1934-2016) oso ezaguna zen Martutenen. Ez da harritzekoa, denbora luzez lan egiten baitzuen gasolindegian. Horrez gainera, auzo-alkate ere izan izan zen.
Elenategi baserrian jaio zen, Martuteneko eremu hori artean Altza herriko zati zen garaian.