Udazkeneko jaia egingo dute igandean Uliako parkean. (Argazkia: ULB)
Bigarren urtez jarrain, udazkeneko festa egingo dute Uliako parkean. Egun osoko egitaraua prestatu dute iganderako.
Goizean haurrentzako jarduerek hartuko dute garrantzia, baina herritar ororentzako moduko egunpasa prestatu dute.
Lehen ezkutaketa txapelketarekin emango zaie hasiera jarduerei. Parkeak ezkutatzeko txoko ugari ditu, eta guztiak erabili ahal izango dira gordetzeko. Bikoteka parte hartuko da jolasean; haur batek eta heldu batek osatutako bikoteka. Parte hartzeko aurrez izena eman daiteke
ezkutaketa.txapelketa@gmail.com helbidean, eta baita egunean bertan ere, 10:30etik aurrera.
Batzuk ezkutaketan dabiltzan bitartean, harri lehorreko tailerrean parte har dezakete besteek. Lan egiteko modu hau Mailorkan erabili ohi da eraikuntza lanetarako. Ulian teknika hauek erabiliz mintegietako baratze mailak berrituko dituzte, hondatu samarturik baitaude.
Eguerdi garaian auzoko gazteek girotuko dute parkea, hainbat musika emanaldi eskainiz. Gaztain eta zuku dastaketa ere egingo dute indarberritzeko, eta ondoren udazkeneko landaketak egingo dituzte erdiko negutegian. Oraingoan ilarrak landatuko dituzte.
Udaberriko festan egin zuten moduan, 14:00ak aldera piknika egingo dute. Norberak nahi duen edo gozoen prestatzen duen mokadutxoa eraman dezake. Guztien artean partekatuko dituzte jakiak.
Ondoren, bolero doinuak nagusituko dira. Anabel Rus, Sergio Callejo eta Jaime Alvalleros musikariek eskainiko dute kontzertua, 16:00etatik aurrera.
Eta haurrentzako, berriz, marrazketa tailerra eskainiko dute, 17:00etatik aurrera.
Gainera, egun osoan zehar lihoaren inguruko jardunaldiak egingo dituzte. Lihoa euskal baserritarren oinarrizko beharrak asetzeko erabili izan da mendez mende. Jada galdua den lana da, baina artisautza lan hau ezagutzeko aukera eskainiko dute etzi Ulian. Bai teorian, eta baita praktikan ere, landaretik oihalera igaro arteko prozesu guztia erakutsiko baitute antzinako eta egungo teknikak eta lanabesak erabiliz