Antiguako frontoiko harmailan hormairudi bat egiteko lehiaketa abian jarriko dute
Antiguako frontoian harmailak jarri zituztenetik pozik daude bizilagunak, espazio honen erabileran ekarri dituen onurak direla eta. Estetikoki, ordea, Gorgatxo plazak okerrera egin duela uste dute. Plazako jolastokiaren ondoan horma handi bat geratu da hutsik, eta auzoa edertzeko asmoz, hormairudi bat egiteko lehiaketa bat antolatu dute Antiguako hainbat eragilek.
Hormairudia egiteko proposamenak aurkeztu ahal izango dira azaroaren 7tik 20ra, hormairudia@ikertze.net helbidera. Hormaren neurria: 18 metroko zabalera ea 3,5 metroko altuera. Ez dute gairik zehaztu, baina azaldu dute plazara hoberen egokitzen den irudia hautatuko dutela: «Bereziki aintzat hartuko da irudia ez izatea oso betea edo barrokoa. Irudian es da inolako testurik txertatuko, oso bigarren mailakoa ez bada. Nolanahi ere, testuren bat jartzekotan euskaraz jarriko da». Hormairudia egiteko lan materialaren ardura osoa antolatzaileek hartuko dute bere gain, eta auzokideen parte hartzearen bidez saiatuko dira dena margotzen.
Irudi irabazlearentzako saria 400 eurokoa izango da, eta auzokideek hautatuko dute proposamena. Lehiaketara aurkezten diren guztien artean lau aukeratuko dituzte antolatzaileek, eta ondoren auzotarrek botoa emateko aukera izango dute, hainbat gunetan jarriko dituzten txartelen bidez eta Internet bidez.