«Artista bat benetakoa bada, ez zaio inporta saltzea ala ez saltzea»
Cristina de la Fuente, Arteko galeriako arduraduna
‘Artea, denen irispidean’ lelopean hogei urteko ibilbidea egin du Arteko galeriak. Ez omen da arte galerientzako garairik onena, baina bide berriak urratzeko indartsu dago bere arduraduna, Cristina de la Fuente.
Nola sortu zenuen Arteko galeria?
2005ean Orly hotelean paper gainean egindako artelanen merkatu txiki bat antolatu nuen. Hura izan zen abiapuntua. Arrakasta izango zuen jakin nahi nuen. Ni ezin nintzen galeriekin lehiatu, eta esperimentu hura egin behar izan nuen. Hoteleko areto txiki bat merke alokatzea lortu nuen, eta han bildu nituen Gipuzkoako zenbait egileren egileen lanak: Zumeta, Alejandro Tapia, Rosa Valverde, Basterretxea…
Zergatik paper gaineko lanak?
Niri beti gustatu zait papera. Sortzaileen tailerrak bisitatu ditudanean beti ikusi izan ditut paper gainean lan egiten: zirriborroak, collageak, grabatuak… Eta paperetik abiatzen dira gero obra handiagoak egiteko. Eta papera merkeagoa da. Artea denen irispidean izan da betidanik nire leloa. Nire ideia zen artea publikoarengana gerturatzea. Eta lehen merkatu txiki horrekin probatu nuen. Arrakasta itzela izan zen. Erotuta nengoela esaten zidaten: ez zirela garai onenak, krisi garaia zela, papera ez zela baloratzen hondatu egiten zela… Artistekin hitz egiten nuen eta aurkakoa esaten zidaten: papera izugarri gustatzen zitzaiela. Papera zerbait freskoa eta berehalakoa da. Gehiegi pentsatu gabe erraietatik ateratzen zaizuna islatzen duzu.
Eta aurrera jarraitu zenuen.
Hiri honetan aukera hori ikusi nuen, paper gaineko artelanak saltzeko espazio espezializatu bat sortzea. Urtebete geroago, 1996an, Art.co galeria ireki nuen Sekundino Esnaola kalean: galeria eta arte merkatua. Gertukoa eta denontzat eskuragarria izan daitekeena. Espazio berri bat sortu nuen, arte garaikideari beldurra galtzeko espazioa. Ni ziur nengoen baietz, ondo aterako zela. Hogei urte geroago papera modan dago. Krisia dago, eta formatu handiko obrak ez dira saltzen. Orain hasi dira paper gaineko erakusketak egiten.
Nolako esperientzia izan da 20 urteko ibilbidea egitea?
Denborak arrazoia eman dit, eta ilusio izugarria eman dit. Paper gaineko obra oihal baten gainean egindakoa bezain garrantzitsua da. Nik galerien kutsu elitista horrekin hautsi nahi nuen. Kaleko jendearengana gerturatu nahi nuen. Ez dut uste arteak elitista izan behar duenik, artearen merkatua da elitista. Tamalez, ez du inporta ez artistak, ez obrak, ez ibilbideak, ez kalitateak, ez edukiak… Soilik obra horrek balio duena inporta du. Dirudun batzuek agintzen dute merkatuan, eta eurei interesatzen zaien artista babesten dute. Merke erosten dute eta gero euren indar guztiarekin makinaria guztia abian jartzen dute, artelan horiek dirutza balio duten arte. Ni hori guztia baino erromantikoagoa naiz. Ni oso idealista nintzen. Uste nuen kalitatezko artea baloratzen zela, eta hori zela garrantzitsuena artista batek arrakasta lortzeko. Baina hogei urteren ondoren asumitu dut bizitza horrelakoa dela, interesen arabera mugitzen dela guztia. Pena da, oso sortzaile onak daude, asko kostatzen zaie bizirautea ez dutelako soldatarik, eta salmenten menpe bizi direlako. Galeria asko ixten ari dira, oso mundu zaila da. Krisia ez ezik, digitalizazioak ere eragina izan du galerietan. Orain artista bakoitzak bere plataforma sor dezake.
Garai zailak direla diozu, baina zuk ez duzu amore emateko asmorik.
Nik galerian lan egiten jarraitu nahi dut, noski. Berritzen saiatzen naiz, saiatzen naiz formula berriak bilatzen. Oso zaila dago, baina galeriak ezin dira desagertu. Nahiz eta artistek plataformak izan, obrak ikusi behar dira, eta espazio egoki bat behar dute. Eta euren obra defendatuko duen norbait behar dute. Espezializatuak ez diren lekuetan erakusketak egiteak hori dakar, ba adibidez taberna batean ez dizu inork azalduko zer den artelan hori, eta jendeari gero eta azalpen gehiago ematen dizkiozunean, gero eta interesgarriagoa iruditzen zaie.
Nolakoa da Artekora sartzen den jendea?
Nire ustez Artekoko publikoa askotarikoa da: satelitea, ustekabean harrapatzen zaituena… Artista asko ere etortzen da, beste artista batzuen obra ikusi nahi dutenak. Azken finean artistak direlako adituak. Beraiek dira benetan arteaz dakitenak. Eta ez dakit, ba galerien mundua faltsua ere bada. Pedantea da jendea, asko ulertuko balute bezala jokatzen dute. Itxurakeria asko dago.
Iruzur asko dagoela uste duzu?
Oportunista asko dagoela uste dut. Orain arte figuratiboa itzultzen ari da indartsu, jendea nekatu egin baita arte abstraktuaz, eta hemen iruzur handiak izan dira. Asko kontzeptu bat asmatu zuten sortzaileak imitatzen saiatzen dira. Eta bai, izan dira Duchamp-en moduko artistak. Baina gero ezin du mundu guztiak komun bat jarri. Imitatzaile asko dago, baina oinarri sendo bat izatea da garrantzitsuena. Obra batek bizirik egon behar du. Nire ustez izaki bizidunak dira. Ez dira denboran hiltzen, infinitoak dira. Eta horregatik gustatzen zaizkit krisi garaiak, faltsua den guztia garbitzen duelako. Eta benetako artistak geratzen direlako. Haiek egin dezaketen gauza bakarra sortzea delako. Artista bat benetakoa bada ez zaio inporta saltzea ala ez saltzea. Berarentzat behar fisikoa da artea.
Galerista batentzat garrantzitsua izango da jendearen konfiantza lortzea.
Ez da erraza konfiantza lortzea, ez, baina oso galerista onak daude, oso profesionalak. Artelanak askotan begiratu behar dira. Jende askok ez daki prezioa baloratzen. Gaur egun Internet bidez errazagoa da. Artista baten obra ezagutu behar da. Emozioa da inportanteena, ez egilearen izena. Zergatik da mundu zaila artearena? Oso mundu subjektiboa delako. Interes asko egon daitezke atzean.
Nik ez dut inoiz iruzur egin. Askatasunez lan egitea izan da nire satisfakziorik handiena. Ez naiz museo bateko zuzendaria. Nik nahi dudana eta benetakoa den hori ekartzen dut galeriara. Nik sartzen dut hanka, nik lortzen dut arrakasta, nik jaten ditut akatsak… Baina ez nago inoren menpe. Gustuko ez dugun lana egitea oso etsigarria da. Egiten duzuna egiten duzula, egin zazu pasioarekin. Bizi behar da eta dirua behar da, baina . Azkenean, ez dut arte dramatikoa egin, baina arteaz inguratuta nago, artistaz inguratuta. Lortu dut, nolabait.
Zergatik Grosen?
Sekundino Esnaolan ireki nuen lehendabizi, hamar urtez izan nintzen han. Hasieran Erdialdean hasi nintzen begiratzen, baina ni Grosen bizi izan naiz betidanik. Asko gustatzen zait. Modan jarri da, tamalez. Lehen dena Erdialdean zegoen. Grosen bizi nntzen, tailer asko zegoen. Itxura zatarra zuen. Dena zen Erdialdea. Horretan ere denborak arrazoia eman dit. Gros 96an ez zegoen modan, askoz merkeagoa zen Grosen. Eta orain, begira!