Azken zazpi egunetako albiste irakurrienak
IRUTXULO.HITZA.EUS webgunean, hauek izan dira azken zazpi egunetan bisita gehien jaso dituzten albisteak.
‘Skakeitan taldeak disko berria aurkeztuko du abenduan’
Skakeitaneko kideekin izan ginen gaur astekarian argitaratu dugun elkarrizketa egiteko. Ezin izan genuen abesti bat zuzenean jotzeko eskatzeko tentazioari eutsi, eta Koreografia zaharrak kanta grabatu genuen zuzenean. Albiste irakurriena izan da.
‘Erretinosi pigmentarioaren aldeko ibilaldia egin dute’
Begisare elkartearen kanpaina indartzeko asmoz, hainbat lagunek azaroaren 1eko elkartasunezko ekitaldiarekin bat egin zuten. Kontxako erlojuetan hamarnaka lagun elkartu ziren erretinosi pigmentarioa ikusarazteko sinbolo bihurtu diren kamisetak jantzita. Webgunean ekitaldiaren irudi galeria bat egin genuen eta bisita asko izan ditu.
‘Willis Drummond Antiguako sansebastianetan izango da zuzenean ’
Urria erdialdean eman genuen albistea, baina albiste irakurrienen zerrendan sartu da berriz. Irakurleak sansebastian jaiak iristeko irrikitan daudela nabaritzen da.
‘Eneko Sierra: Añorgarekiko harremana sendotzeko balio izan dit’
Oso ezaguna da Añorgan Eneko Sierra. Auzoan arazoren bat egonez gero, askok jo dute beregana azken urteetan, laguntza eskatzeko. Hasieran pasioz aritu zen lanean, baina hainbat kontu tarteko, nekatua dagoela dio, eta Añorga kultur eta kirol klubari agur esan dio. Nabaritzen da joan den astean egin genion elkarrizketak interesa piztu duela, irakurrienetakoa izan baita, eta sare sozialetan asko zabaldu da.
‘Lander Arbelaitz: Talkak bistarazten eta kudeatzen asmatu behar dugu’
Bagera elkarteak Donostiako euskalgintzaren inguruan egin zituen jardunaldien harira elkarrizketatu genuen Lander Arbelaitz, eta diskurtso berrien inguruan egin zituen adierazpenek arrakasta handia izan dute webgunean.