Diziplina txosten bana zabaldu diete Euskotreneko greba batzordeko zortzi kideri
Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea egin dute langileek, Easo plazan.
Espedienterik ez, negoziazioari bai lelopean, Amara eta Arasoko Euskotreneko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Easo plazan, bi salaketa egiteko. Alde batetik, salatu dute urriaren 5etik aurrerako lan uzteen deia egin zuten greba batzordeko zortzi kideri diziplina txosten bana ireki diela enpresak. Eta, bestetik, nabarmendu dute negoziatu eta irtenbide bat bilatzeko zuzendaritzak erakutsi duen borondate eza, “Topo eta Zumaiako lerroetan ezarritako maiztasun berrien eraginez sortutako gatazkaren harira”.
“Arazoa konpondu gabe bazegoen ere, urriaren 5etik aurrerako laz uzte horiek bertan behera utzi genituen”, azaldu dute elkarretaratzean. Izan ere, Giza Baliabide saileko arduradunak lan uzteak “ilegal deklaratuko zituen mehatxua” bota zietela adierazi dute. Hortaz, berme juridikorik gabe burutu beharrean, bertan behera uztea erabaki zuten. “Hori da Euskotrenen zuzendaritzak eman duen aitzakia diziplina txostenak zabaltzeko, lan uzteak bertan behera utzi izana”.
Bestalde, Altzako geltokiaren inaugurazioan Imanol Leza Euskotreneko zuzendari orokorrak esandakoa ekarri dute gogora: “Esan zuen enpresak ez diola inoiz muzin egin negoziatzeari, eta beti izango zela langileekin negoziatzeko prest. Errealitateak, ordea, egia utzi du ageriko”.
Egoera horren aurrean, Euskotreneko zuzendaritzari eskatu diote zabaldutako diziplina txostenak artxibatu ditzala. Horretaz gain, dei egin diote mobilizazioen jatorri eta arrazoiak era arduratsuan konpondu ditzan. Azaroan eta abenduan zehar egingo dituzte lan uzte gehiago: “Horien helburua tren agenteen taldea handitzea da, irailaren 12a baino lehenagoko baldintzetara itzuli ahal izateko, bai eta Arasoko langileek bere lanera joan ahal izateko garraio publikorako aukera izan dezatela ere”.