Kontadoreseko laborategietan izena emateko epea zabalik dago
Kontadores Gazte Zentroko jardunak ez du etenik. Dagoeneko prest dute udazken-neguko eskaintza berritua, eta nahi duenak izena emateko aukera izango du azaroaren 8tik aurrera.
Gai zehatzen inguruko prestaketa eskaintzeaz gain, gazteen arteko harremanak sustatzea eta dinamika berriak sortzea da Kontadoresen helburua, eta antolatzen dituzten jardueren arrakasta ikusirik, bistan da helburuak betetzen dituztela.
Eskaintza zabala da, eta gazteen behar eta gogoetara moldatzen saiatzen dira gainera. Eskaera horiei jarraituz aurkeztu dituzte, esaterako, kale artea eta argazkigintzari buruzko hiru laborategi berriak.
Baina berrikuntzez gain, aurreko ikasturtean arrakastatsuak izan diren saioei jarraipena ere ematen saiatzen dira; munduko sukaldaritzaren inguruko hiru laborategiak, esaterako.
Eta berrikuntza gisa ezin aipatu gabe utzi Jorge Eines antzerki teknikaren proposamena eta Desing Thinking elkarlaneko lan metodologiaren inguruko laborategia.
Guztira 106 leku eskainiko dituzte oraingoan, zazpi laborategitan banatuta.
Aurrez aipatutako horiez gain, Josi eta berrerabili josketa sortzaileaz nahiz arroparen birziklapenaren inguruko ezagutzaz gehiago ikasteko laborategi praktikoa ere eskainiko dute. Kasu honetan baserritar jantziak eraldatzen erakutsiko dute.
Kale argazkigintzaren bidez kale erreportajeak egiten ere erakutsiko dute, eta baita post-produkzio teknika aurreratuenak ere, grabatutako irudi horiek txukundu eta editatzeko.
Laborategiez gain, Kontadoresek beste hiru egitasmo jarri ditu abian udazken-negurako: Dantza garaikidea, gorputz adierazpena eta kontakizuna; Dj laborategia; eta dantza afrogaraikidea zuzeneko perkusioarekin.
Eskaintza hauek guztiak 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude, eta lehentasuna izango dute Donostian erroldatuta daudenek.
Izen ematea eta ikastaro guztien inguruko informazio zehatza Donostia.eus/kontadores webgunean eskura daiteke.