Mendea bete du Kontxako barandak, eta dagoeneko hiriko ikur nagusienetariko bat bihurtu da. Horregatik, konpondu edo txukundu arren, ez du berezko distira zuririk galduko, agian beste hainbeste urtean.

Nautikoa eta lehen arrapala arteko tartea jarri zuten lehenik. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Sekula baino dotoreago ageri da Kontxako baranda egun hauetan. 100 urte bete ditu, baina hiriko ikur nagusi izaki, mimoz zaintzen dute, urteen joana eta gesalaren krudela nabari ez dadin. Ez baita batere itxurosoa igandetako soineko zuria herdoil orban horiz tindatua erakustea bisitarien aurrean.
Soineko luzeen gozagarri sortua da berez Kontxako baranda. 1910. urtean Ingalaterrako Isabel II. erregina etorri behar zela eta, Kontxa pasealeku osoa eraberritu zuten:?96 pilarez osatutako babes horma eraiki zuten hondartza ertzean, errepidea zabaldu zuten, La Perla eraiki eta egungo baranda jarri zuten; zaharra Frantzia pasealekura eraman zuten.
Udaletxean lanean hasi berria zen Juan Rafael Alday arkitektoak diseinatua da. Pieza guztiak banaka banaka josiz eginiko artisau lana da baranda. Udaletxetik Antiguaraino iristen da muturretik muturrera, Kontxako badia guztia besarkatuz. Nautikoa eta lehen arrapalaren arteko zatia jarri zuten lehenik, eta sei urte behar izan zituzten puzlea osatzeko; 1916. urtean inauguratu zuen Alfonso XIII. erregek.

Isabel II. erregina zetorrelako berritu zuten Kontxa pasealekua, 1910ean.
Jantzi berria
Ordutik ugariak izan dira erauntsi, enbata eta olatu kolpeak. Gehienei tinko eutsi izan die, baina ahulguneetatik, urteen arrakaletatik igaro izan da higadura. Horrelakoetan hautsitako pieza kendu eta beste berdin batekin ordezkatu izan da. Berezia eta maitea izan arren, baranda ez baita ordezkaezina.
Kontxako barandaren irudia ez dago erregistratua, eta erreplikak egin daitezke. 400 eta 600 euro inguru balio dezake baranda zati bat etxean edukitzeak. Sitges, Madril eta Bartzelonan ere ikus daiteke barandaren ahizpa bikiren bat.
1999. urtean berritu zuten lehen aldiz. 2004an gero eta 2010. urtean azkenik. Orain soineko zuria garbituko diote berriro, eta bide batez, eguraldiaren erasoei hobeto eutsiko dieten jantziak jarriko dizkiote. Jantzi berriak, bai, baina itxura betikoa.
Hankak jartzeko betiko zuloa; oina zeruraino altxata dantza egiteko betiko heldulekua; milaka argazkiren marko izateko moduko baranda zuria.
Baina guztien artean, barandaren begi batek bizkar ematen jarraituko die bisitariei. Nahita edo nahi gabe, alderantziz kokatua dago lore zurietariko bat. Ez baitu samurra izan behar hain zabal, eta hain eder izan itsasoa eta 100 urtean bizkarra ematea. Pieza berezia topatu nahi duenak, itsasoari so jartzea besterik ez du.