Pello Armendariz eta Olatz Salvador Skakeitaneko kideak. (Argazkia: Malen Aldalur)
‘Galera’ izeneko diskoa aurkeztuko du abenduan Skakeitan taldeak. Pello Armendariz (Amara Berri, 1991) eta Olatz Salvador (Amara Berri, 1990) dira kideetako bi.
Gogotsu dago Skakeitan taldea euren lan berria aurkezteko: Galera. Abeslaria da Armendariz, eta teklatua jo eta ahotsak egiten ditu Salvadorrek.
Skakeitan sortu zela pasa dira urte batzuk.
Pello Armendariz (P.A.): Lau lagun elkartu ginen 2008ko udaberrian. Aurretik beste rock talde batzuetan jotzen genuen, baina elkarrekin zerbait egiteko gogoak elkartu gintuen. Jamaikar doinuetara hurbiltzen zen musika egitea zen asmoa. Garai horietan, talde batzuen gorakada moduko bat egon zen: Esne Beltza, Betagarri, Skalariak. Gainera, nazioarteko reggae taldeak ere jarraitzen genituen. Euskal rock erradikaletik bagentozen ere, garaian dantzagarriagoak ziren doinuetara egin genuen jauzi.
Asko aldatu da taldea hasiera horietatik?
Olatz Salvador (O.S.): Taldea sortu eta bi urtera hasi nintzen ni, tarte horretan hainbat aldaketa egon ziren; izan ere, taldeko beste kide batzuk taldea utzi zuten. Une horretan, taldearen birsortze moduko bat gertatu zen. Gogoan dut garai horietan musika eskolan entseatzen genuela, eta horrela hasi nintzen taldean teklatua jotzen eta koruak egiten.
Nolabaiteko hasiera berri bat izan zen beraz.
P.A.: 2008an, maketa bat egin genuen, baina oso intuitiboa izan zen. Maketaren ostean, abesti berriekin hasi ginen.
O.S.: Maketaren ondoren egin zituzten abestietan nabari zen bazegoela hobetzeko gogo bat, soinu berriak topatzeko grina. Hasiera berri baten modukoa izan zen.
2012an atera zenuten lehenengo diskoa.
O.S.: Gure lehenengo apustu serioa izan zen. Estudio eta aurrekontu pila bat begiratu genituen. Ez geneukan diru asko. Usurbilgo Higain estudioan grabatu genuen. Guretzat garai hartan apustu handia izan zen eta gure poltsikoetatik ahal genuena jarri behar izan genuen.
Merezi izan zuen?
O.S.: Gure harridurarako lehen diskoko abesti bat irratian jartzen hasi ziren. Hori guretzat oso pozgarria izan zen.
P. A.: Ahots gabekoen ahotsa, gure lehen diskoa, atera genuen udara horretan, Donostiako Piraten abestia ere egin genuen. Agian irratian jarritako abestiagatik baino gehiago Piraten abestiak egin gintuen ezagun. Egia esan, kolaboratzaile apartak izan genituen; eta, abestiak izandako arrakasta ikusita, asko indartu ginen.
Talde ezaguna izatera iritsi zarete. Zer sentitzen da?
P.A.: Ikaragarria da. Guk gure lanbideak eta ikasketak ditugu eta musikari gure denbora librea eskaintzen diogu. Eskainitako denbora horrek guztiak errekonozimendu bat izan duela ikustea oso polita da. Ohartzen zara jendeari sentipen bat sortu diozula, mezu bat transmititu diozula.
O.S.: Niri pasa izan zait abesti bat kantatzen hasi eta ustekabean guztiak abesten daudela ohartzea. Zirraragarria da jendea gure abestiak kantatzen entzutea.
Gaztetxeetan, jaietan eta herriko plazetan jotzeaz gain, ikastolaren batean ere ibili zarete.
O.S.: Bai, Axularren egon ginen batxilergoko euskara taldeko kideek gonbidatuta. Ilusio handia egin zigun. Bideo batzuk erakutsi genizkien eta solasaldi txiki bat egin genuen. Gaztetxoek gurekin argazkiak atera nahi izan zituzten eta niri arraroa egin zitzaidan. Pello abeslaria denez, ohituago dago, baina gu bigarren plano batean geratzen gara, eta normalean ez dizkigute argazkiak eskatzen. Dena den, gazteleku eta udalekuetatik ere deitu izan gaituzte; pozgarria da gaztetxoek gure abestiak entzuten dituztela ikustea.
Publiko gaztea izateak ardura sortzen dizuete?
P.A.: Nik uste dut abesten dituzun mezuak ondorioak dituztela bai jende helduarengan, baita gaztetxoengan ere. Beraz, ardura bai, baina ez gehiago.
O.S.: Abestiak idazten dituzunean beti izan behar duzu kontuan zer esan nahi duzun, eta zer ezin duzun esan ere bai.
Noiz hasi zineten ‘Galera’diskoa grabatzen?
P.A.: Iaz, garai hauetan, hasi ginen. Lehenengo, basea grabatu genuen; eta, ondoren, gainerakoa. Grabaketa inoiz baino dialektikoagoa izan da.
O.S.: Ordenagailu bitartez eta soinu txartel batekin grabatu dugu. Banaka instrumentuak grabatzen joan gara. Lan handia egin dute ekoizpen lanetan ibili direnak.
Abenduaren 5ean Durangon eskainiko duzue lehenengo zuzenekoa.
O.S.: Hori da. Abenduaren 5ean Plateruenean emango dugu lehenengo zuzenekoa. Dena den, egun batzuk lehenago aurkeztuko dugu diskoa. Kontzertu horretarako gonbidatu asko izango ditugu, eta berezia izango da.
P.A.: Gure ibilbidean ondoan izan ditugunak egun horretan ere gurekin egotea da asmoa.
Zer aurkituko dugu disko berrian?
O.S.: Estilo aldetik elektronika gehiago dagoela esango nuke. Ahalegin handia egin dute ekoizpenean soinu berriak bilatzen; sintetizadoreak ere inoiz baino gehiago erabili ditugu.
P.A.: Azkenaldian, musika elektronikoa eta hip hopa esaterako asko entzun dugu, eta horrek eragina dauka ezinbestean sorkuntzan. Funtsean uste dut ez dela asko aldatzen, baina aldaketa estetiko batzuk egin ditugu.
Zergatik Galera?
O.S.: Letra guztiak biltzen dituen kontzeptu bat bilatu nahi genuen; Orekariak diskoan ere hori egin genuen. Kasu honetan, ildo ezberdinetan gizartearen norabidea jarraituz galtzaile bezala kokatu diren norbanako eta kolektiboak biltzen ditu diskoak. Bestalde, galtzailearen lekutik ere gauza asko ikasten direla eta guztia hor hasten dela transmititu nahi da.
P.A.: Letrek esan nahi dutena da partida ez dela amaitu. Partida bukatutakoan ere baloia beti doala kanpoaren erdira eta berriro hasten dela jokoa. Atzo jipoitu zuten emakumea, lantegia itxi eta kaleratuak izan diren 100 langileak… gauza ezberdinen inguruan hitz egiten dugu, baina denek dute ezaugarri komun bat: argi ikusten da ez dagoela bizitza pribaturik, denak duela eragina esfera publikoan.
Aurreko diskoa crowdfroundig bidez atera zenuten, baina oraingoa ez. Zergatik?
O.S.: 2014an, diskoa egiteko ez genuen baliabide nahikorik eta Crowdfounding bidez egin genuen. Ez da erraza zifra bat jartzea lortuko duzun edo ez jakin gabe. 6.000 euro behar genituen eta muga gainditu genuen. Izugarria izan zen, indar handia ematen dizu eta ez ekonomikoa bakarrik.
P.A.: Kasu honetan, iruditu zaigu bagenituela diskoa geure kabuz ateratzeko baliabideak, ez zitzaigun egokia iruditu crowfounding bat egitea.