Altzako kiroldegia. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Azaroaren 16an itxiko dute Altzako kiroldegia. Aurreko legegintzaldia adostu zuten kiroldegia berritzea, eta dagoeneko lehiaketa publikoa egina zegoen, diseinua erabakita, eta obra egiteko zorian. Obrak hasi aurretik, ordea, lurrak aztertu dituzte, eta amianto arrastoak azaldu dira. Kontuak hala, proiektua egokitu egingo dute, berridatzi, ezin baita pentsatua zegoen moduan egin. Kiroldegi berriaren obra hiru fasetan egingo dute. Lehenengo, eraikin zaharra bota; ondoren berria eraiki, eta, azkenik, lurra tratatu, kanpoko igerilekuak eta pistak egin ahal izateko.
Egun kiroldegia dagoen lekuan, ez dago arriskurik, ordezkariek azaldu dutenez. Izan ere, fabrika lur horietan zegoen, eta isuriak inguruko lurretan daude. Hau da, igerilekuak eta pistak egiteko asmoa zegoen lekuan. Beraz, orain, inguruko lurrak hesituko dituzte, azterketa egokiak egin eta inor ez dadin lur horiekin kontaktuan egon.
Kiroldegia itxita dagoen bitartean Paco Yoldi kiroldegian egingo dituzte Altzako taldeek entrenameduak eta partidak. Gainera, udalak azaldu du irailean Bidebietan martxan jarri zela ziklo-inddor areto berria, bi auzoetan dagoen eskaerari erantzun diona. Bestalde, azaldu du, azaroaren bukaeran, Intxaurrondo kiroldegiko gimnasioa handitzeko lanak bukatuko direla eta Altzan zeuden makina batzuk instalatu eta berriak jarriko dituztela. Azkenik, orain arte Altzan gimnasia ikastaroetan parte hartzen zuten 65 urtetik gorako pertsonek bere jarduerarekin jarraitu ahal izango dute, Jolastokietako Kultur eta Kirol Elkarteko aretoetan antolatu dituzten ikastaroetan.