Mikel Irastorzaren atxiloketa salatzeko elkarretaratzea egin dute Intxaurrondon
Berria egunkariak azaldu duenez, urriaren 12an Frantziako Oise herrian ETAren armategi bat aurkitu ondoren egin zuten polizia operazioa. ETAren 75 errebolber, 70 pistola, ehizarako bi fusil eta munizioa atzeman zituzten, lau bidoitan lurperaturik. “Zulo estrategikoa” zela esan zuen Espainiako Barne Ministerioak eta handik egun batzuetara, ETAk informazioa gezurtatu zuen ohar batean, bere kontra jarritako “tranpa bat” izan zela salatuta.
Frantziako Poliziak Guardia Zibilarekin elkarlanean Intxaurrondoko Mikel Irastorza atxilotu zuen larunbatean Azkainen (Lapurdi). ETAko zuzendaritzako kidetzat jo dute. Atxiloketa salatzeko asanblada informatiboa eta elkarretaratzea egin zuten Intxaurrondoko Gabriel Zelaia plazan. Gaur berriro elkartuko dira 19:00etan leku berean.
Goizeko seietan gertatu zen polizia operazioa, eta Irastorza Baionako polizia etxera eraman zuten. Etxejabeak ere atxilotu egin zituzten: 59 urteko gizonezko bat eta 56 urteko emakume bat. Hiru atxilotuak Parisera eraman dituzte.