Pentsioak mehatxupean daudela salatu dute
Elkarretaratze bat egin dute Askatasunaren hiribidean, Duintasuna elkarteak deituta.
Duintasuna elkarteak deituta, elkarretaratze bat egin dute pentsiodunek gaur goizean, Askatasunaren hiribidean. Jubilatuen pentsioak mehatxupean daudela salatu dute: “Alde batetik, Alderdi Popularreko gobernuaren mehatxuak ditugu, pentsioetarako dirua agortzear dagoela esanez; eta, bestetik, EAJ, PP eta PSE-EEren ukazioa gutxieneko pentsio duinak hemen bermatuak izan daitezen”.
Pentsioak kendu edo murriztearekin mehatxatzea onartezina dela uste dute: “Onartezina da herritarren %25a izutzea eta mehatxatzea, urteetan lan egin ondoren, hilabete bukaerara heltzeko hainbeste zailtasun bizi behar izaten duten pentsiodun asko eta asko”.
Pentsioen etorkizuna erabaki politikoen menpe dagoela diote; horregatik exijitzen diete ordezkari politikoei hilabete bukaerara duintasunez iristeko behar adinako pentsioa jasotzea eta ahaztu ditzatela mozketen bideak: “Egun, Euskal Herrian 670.000 pentsiodun inguru gara, eta gehienek 1.080 euro baino gutxiago jasotzen dugu. Horrek esan nahi du pobreziaren muga azpitik gaudela eta horrekin bukatu egin behar da”. Halaber, gogoratu dute milaka pertsona daudela, bereziki emakumeak, inolako pentsiorik kobratzen ez dutenak, “bizitza osoan kotizatu ezindako lanetan aritu direlako”.