Ia 31.500 korrikalarik gozatuko dute hiriko lasterketa ezagunenarekin; mediku batzorde bat osatu dute ezaugarri eta sintomen galdetegi bat prestatzeko eta parte hartzaileek bete dezaten.
52. Behobia-Donostia lasterketaren aurkezpena. (Argazkia: Lide Ferreira)
Fortuna Kirol Elkartearen ekitaldirik ezagunena iritsi da. Izan ere, asteburu osoko plana antolatu dute 52. Behobia-Donostia lasterketan harira, eta halaxe azaldu dute antolatzaileek gaur egin duten prentsaurrekoan. Orotara, 31.276 korrikalarik eman dute izena lasterketan; eta hiru modalitateetan irtengo dira: 9:30ean, elbarriak (63 lagun) 13 gidariekin; 9:35ean, patinatzaileak (214 lagun); eta, 10:00etan, gainontzeko korrikalariak. Horietaz gain, Behobia Txiki (3.100) eta Behobia Gazteako (299) partaideak gehituz gero, guztira, 35.000 lagunek hartuko dute Fortunak antolatutako ekitaldietan. Aurreko urteko beroarekin alderatuz, aurten, euria iragarri dute.
Prebentziorako galdetegia
Iazko esperientzia –ikusle eta korrikalari bana hil ziren– “oso gogorra” izan zela gogoratu du antolakuntzako kide Iñigo Etxeberriak. Horregatik, aurten, garrantzi berezia eman nahi diote osasun arloari. Horretarako, espezialitate guztietako medikuz osatutako batzorde bat osatu dute, eta beraiek izan dira ezaugarri eta sintomen galdetegi bat prestatu dutenak. Bertan, parte hartzaileei informazioa eskatzen zaie; eta emaitza positiboa bada, mediku azterketa bat egitea gomendatzen zaie.
Mediku batzordeko kide Felix Zubiak azaldu du korrikalariek bi arazo nagusi izan dituztela azken ekitaldietan: beroaren eraginez sortutako patologiaren bat eta bat-bateko heriotza. “Edozein kirol jarduera egitea segurua da, eta bat-bateko heriotza gertatzea oso arraroa da. Ez dago argi mediku azterketa batek hori saihestu dezakeen”, nabarmendu du Zubiak. Arazo gehienak, beraz, beroaren ondorioz gertatzen dira, eta horretarako gomendio batzuk luzatu ditu medikuak: “Eguraldia begiratzea; beroa egingo badu, ez da marka egiteko eguna; ez joan marka egitera, gehiegizko erritmoek beroa sortzen dutelako gorputzean; gaizki sentituz gero, utzi lasterketa eta ikusleek ere ez animatu itxuraz gaizki dagoen korrikalariren bat”.
Erritmoaren harira, Fortuna elkarteak aplikazio berri bat diseinatu du: BSS Safe izenekoa. “Erritmoak kalkulatzeko aplikazio bat da, eta lasterketara egokitzen dira. Kilometro bakoitzeko erritmo seguru bat markatzen du”, esan du Etxeberriak.
Asteburu osoko plana
Lehen aipatu bezala, Behobia-Donostia ez da egun bakarreko ekitaldia, eta asteburu osoan zehar egongo dira jarduerak. Korrikalarien azokarekin hasiko da, ostiralean, 11:30ean. Anoetako Belodromoan 48 stand jarriko dituzte, eta 30.000 lagun inguru espero dituzte. Dortsalak egun horretan jasotzeko aukera egongo da, Anoeta estadioan. Egun eta toki horretan bertan, Behobia Txiki egingo dute, 15:00etatik aurrera. “Aurreko urteko esperientzia kontuan izanda, aurten, helduak hasiko dira (10-13 urte bitartekoak) eta txikiek (0-5) amaituko dute ekitaldia”, esan du Etxeberriak. Izan ere, adinen araberako txandetan egiten dute korrika haur eta gaztetxoek.
Igandean, berriz, Behobia Gaztearen txanda izango da. Lasterketa nagusiaren barruan, 9:30ean, 14 eta 18 urte bitarteko gazteak irtengo dira Herreratik. Hirugarren urtea da egiten dena, eta geroz eta parte hartzaile gehiago daude: “Aurten 300 egongo dira, eta koadriletan parte hartzeko aukera eman diegu; korrika egitea indibidualtasunaren isla ez duelako zertan izan behar”.
Urtero bezala, zerbitzuak izango dira antolakunztaren erronka nagusietako bat. Irteerara joateko garraioa egongo da, eta garraio publikoan joateko gomendioa luzatu dute: “Egun, korrikalarien ia erdiak erabiltzen du zerbitzu publikoa”. Edateko eta jateko puntuez gain, animazio guneak ere egongo dira, DJ, txaranga, batukada eta Gaintxurizketako piratarekin, besteak beste: “Lasterketa ongi pasatzeko une bat izatea nahi dugu”.
Ostiralean Behobia-Donostiako gehigarri berezia argitaratuko dugu, IRUTXULOKO HITZAren eta OARSO BIDASOKO HITZAren elkarlanari esker.