Euskal kontsumitzaileen sarea aurkeztuko du Kontseiluak Donostian
Euskaraz kontsumitu nahi dutenak euskaraz saldu nahi dutenekin saretu eta harremanetan jartzea. Horixe izango da Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren hurrengo erronka.
Euskaraz kontsumitzen dutenek topatzen dituzten zailtasun eta oztopoei aurre egin, eta eragin ahal izateko bide bat jorratu nahi du, eta horretarako sortu du Kontsumitzaileen Sarea.
Donostian aurkeztuko dute egitasmoa, astelehenean, hilaren 14an. Bagera elkartearen egoitzan ekitaldi irekia egingo dute arratsaldez, 19:00etan. Bertan azalduko dituzte proiektuaren nondik norako guztiak.
Herriz herri, euskal kontsumitzaileak egituratu eta sare zabala osatu nahi dute. Zeregin horretarako aplikazio berriak sortu dituzte, eta horiek erabiliz ahalik eta jende gehienengana iritsi nahi dute.
Dinamika hau abian jartzeko hainbat eragile eta herritarren partaidetza eta lankidetza beharko dute, egitasmoa ahalik eta eraginkorrena izateko.