Ekitaldia posible egiteko 2.000 boluntario inguruk egiten dute lan egunean bertan. Batzuk korrika dabiltzan bitartean, haiei bidea errazten aritzen dira besteak.
Behobia Donostiako hiru boluntario. (Argazkia: Malen Aldalur)
Bikotea dira Ibon Rosales (Antigua, 1968) eta Beatriz Corral (Antigua, 1968) eta motxilak banatzen ibiltzen dira Behobian. Iñigo Rodriguez (Gros, 1971), aldiz, irabazleak podiumera eramateaz arduratzen da. “Barrutik eta emozio askorekin” bizi dute lasterketa.
Nolatan hasi zineten Behobian boluntario gisa?
Iñigo Rodriguez Burgete (I.R.B): Lagun batek elkartu gintuen, Ana Iturriza Fortunako kideak, hain zuzen ere. Ikastolako kidea da eta umeekin mendi irteerak egiten ibiltzen ginen. Berak Fortunan egiten du lan eta Behobian boluntario gisa ibiliko den 50 pertsona inguruko kuadrilla bat osatzen du Antiguan.
Iñigo Rosales Martin (I.R.M): Anaren lagunak garelako hasi ginen Behobian laguntzaile gisa. Gainerakoak klubetakoak edo elkartetakoak izan ohi dira.
Zenbat urte daramatzazue boluntario gisa?
I.R.M.: Orain dela gutxi egon ginen etxean komentatzen Beatriz eta biok; alaba oraindik oso gaztea zen garai horietan. Hamar edo hamabi urte izango dira dagoeneko. Urtero kuadrilla handi bat Antiguan elkartu eta hemendik oinez joaten gara Zentrora.
Beatriz Corral (B.C): Lehen seme alabekin joaten ginen, orain horiek gutxiago etortzen dira eta ilobei esaten diegu.
I.R.B: Nik ere 12 urte daramatzat Behobian boluntario bezala.
Beste aldean inoiz egon zarete?
I.R.B: Nik lehen beti egiten nuen korrika, egia esan pena pixka bat ematen dit ez egiteak, baina boluntario gisa ere gustura ibiltzen naiz.
I.R.M: Gu ez. Niri eta Beatrizi kirolarekiko zaletasuna menditik datorkigu. Anak asko lagundu zigun mendi taldean eta nolabait ordainetan edo gustura egiten dugu boluntario lana Behobian. Egun pasa polita izaten da.
Zein lan egiten dituzue?
B.C: Ni eta Ibon gainerakoekin batera joaten gara Erdialdera. Gure ardura korrikalarien motxilak gorde eta banatzea da.
I.R.M: Lehenengo Gipuzkoa plaza atontzen dugu; ondoren, kamioia heltzen denean motxila guztiak ordenatu behar izaten ditugu. Lehen kaos bat izaten, zen eta Anari eskatu genion sistemaren bat pentsatu zezaten. Matematikari batekin hitz egin zuten eta horrek lana asko erraztu digu. Beharrezkoa da antolakuntza ona izatea, korrikalariak iristen direnean azkar eman behar zaie motxila.
B.C: Motxila bakoitzak zenbaki bat izaten du, korrikalariak dortsalean daramana. Antolatzen helduok ibiltzen gara gehienbat, garrantzitsua da antolatzeko sistema ondo ezagutzea. Banatzeko orduan, berriz, umeak dira nagusi. Ikusgarria da zein abiaduratan aurkitzen dituzten motxilak.
Motxilarik galdu duzue inoiz?
I.R.M: Normalean ez ditugu galtzen. Baina egia da aurkitzen ez ditugunean estualdiak pasatzen ditugula.
Bitxikeriarik inoiz gertatu zaizue?
I.R.M: Batzuetan denbora asko pasatzen dugu motxilak banatzen. Frantses asko motxila hemen laga eta Behobia egitera joaten dira; baina lasterketa bukatutakoan motxila jasotzera etorria ordez, nahiago izaten dute Parte Zaharrera joan.
I.R.B: Ainitze nire emaztea eta biok helmugan egoten gara, Gure ardura izaten da helmugara iristen diren lehen hiru gizonezkoak eta lehen hiru emakumezkoak podiumera eramatea; baita lehen emakume eta gizon gipuzkoarrak ere. Urte luzetan ibili naiz atletismoan eta aurpegi gehienak ezagunak dira. Gainera, beti dago faborito zerrenda bat eta normalean beti asmatzen dute. Bestalde, Behobia Gaztea jarri zutenetik horiekin ere gauza bera egiten dugu, eta hori zailagoa da; kategoria pila bat daude. Boluntariotza lan polita da baina momentu zailak ere bizi ditugu. Orain dela bi urte hil zen gizona, esaterako, besoetan edukitzea tokatu zitzaidan.
Aurtengorako gogoz zaudete?
B.C: Sentipen askoko eguna izaten da. Goizean Erdialdera bidean korrikalariekin gurutzatzen gara. Hori oso polita da da. Denok begiratzen diogu elkarri, denok dakigu bakoitza nora doan, baina inork ez du ezer esaten. Behobia barrutik bizi dugu eta gu ere parte sentitzen gara