Behobiak sortzen duen eragin ekonomikoa aztertzeko, ikerketa bat egiteko eskatu zion Fortuna Elkarteak Deustuko Unibertsitateari. Horren harira, hainbat ostalarik euren iritzia eman dute.
Donostiako Kursaal zubian jendetza biltzen da Behobia-Donostia lasterketaren egunean. (Argazkia: Lide Ferreira)
«Beti entzuten genuen Donostian egiten diren ekitaldiek –Zinemaldia eta Realaren partidak, esaterako– dirua ekartzen zutela, lanpostuak sortzen zituztela…», gogoratu du Behobia-Donostiako antolakuntzako Fernando Ibarretak. Bada, duela hiru urte, ikerketa bat eskatu zion Fortuna Elkarteak Deustuko Unibertsitateari, lasterketaren inpaktu ekonomikoa aztertzeko asmoz.
«Ez genuen oinarririk gabeko baieztapenik egin nahi, oinarri zientifiko bat nahi genuen; eta horregatik jo genuen unibertsitatera. Iñaki Garcia ikertzaileak zuzendu zuen azterketa, Deustuko teknikarien laguntzarekin, eta lagina 400 lagunek osatu zuten. Uste dut aitzindari izan ginela, ondoren beste ekitaldietako antolatzaileek ikerketak egiten hasi zirelako», azaldu du Ibarretak.
Datuen arabera, 2013ko Behobia-Donostia lasterketarekin, 15 milioi euro inguruko Barne Ekoizpen Gordina (BEG) lortu zen (gastu zuzenak eta zeharkakoak kontuan izanda). Era berean, 122 lanpostu mantentzen lagundu zuen, eta Gipuzkoako Foru Ogasunak 850.000 eurotik gora jaso zituen.
Ibarretak dio Ogasunak jasotzen duen diru horrek erakusten duela lasterketa babestea ezinbestekoa dela: «Arrazoi baliotsu bat da aldundiari laguntza eskatzeko. Ez diru laguntza, baizik eta Behobia-Donostia estatu eta nazioarte mailan zabaltzeko laguntza. Espainia eta Frantziako jendea erakartzeko proiektu bat egiten badugu, eragin ekonomikoa gero eta handiagoa izango da, jende gehiago etorriko delako eta hirian gastatuko duelako».
Eragina sektoreka aztertuta, ostalaritza izan zen jaun eta jabe, tarte handiarekin: ia 6 milioi euro jaso zituen arlo horrek; eta atzetik utzi zuen xehekako merkataritza, 1,5 milioi eurorekin. Hortaz, datuek argi uzten dute ostalaritza dela nagusi eta sektore horrek jasotzen duela gaztaren zatirik handiena. «Gure gastronomiak korrikalari ugari erakartzen ditu, eta hori da ostalaritza lehenengo postuan egoteko arrazoi garrantzitsuena», nabarmendu du Ibarretak.
Bikote bat, maletekin. (Argazkia: L. Ferreira)
Egun berezia
Ostalariak bat datoz Deustuko Unibertsitateak egindako azterketarekin. Tabernari, jatetxeetako arduradun, hoteletako zuzendari eta bestelakoek ez dute zalantzarik: Behobia-Donostia lasterketak eragin ekonomiko handia du eurengan, eta egun berezi bilakatu da jada.
«Egun bizi dugun krisiaren eraginez, tabernak egoera txarrean daude. Ia ez dago bizitasunik. Baina lasterketaren egunean, jendeak kontsumitzen du. Mugimendu handia egoten da, eta giro polita sortzen da. Horrelako egun bereziak asko eskertzen ditugu», esan du Herrerako Nido tabernako Lorea Carnetek.
Berezitasun hori tabernaren dinamikan nabaritzen da: «Antolatzaileekin hitz egiten dut, eta koordinatzen gara; adibidez, ogitarteko gehiago prestatzeko».
Donostiako Parte Zaharreko Tiburcio jatetxean ere elkartzen da jendetza. «Lehen orduan ez da hainbeste mugimendurik egoten, Bulebarra moztuta dagoelako. Baina gero bizitasuna agerikoa da. Jatetxerako aldez aurre egindako erreserbak edukitzen ditugu. Jatetxera datozen gehienak taldeak dira, eta urtetik urtera errepikatzen dute. Katalan asko daude», adierazi du Tibur Eskisabelek.
Lasterketaren egunean, taberna ere bete egiten da; normalean, 14:30ak aldera: «Une jendetsu horietarako prestatu egiten gara, eta, orokorrean, lankide gehiago aritzen gara lanean».
Elbarrituen elkargune
Tabernak eta jatetxeak ez ezik, ostatuak eta hotelak ere beteta egoten dira asteburu osoan zehar. Horren adibide da Irungo Urdanibia Park hotela. Bertan, elbarritu ugari elkartzen dira urtero. «Alde batetik, hotela bera Behobian parte hartzen duten elbarrituen basea da; korrikalari bikainak datoz, olinpiarrak batzuk. Euren antolakuntza ere hemen egoten da, eta hemen egiten dute bazkaria eta sari banaketa. Giro berezia sortzen da. Bestetik, Espainia osoko beste korrikalariak ere izaten ditugu hotelean», kontatu du Nuria Mujika zuzendariak.
Horietaz gain, Behobiako ikusle asko ere hurbiltzen dira: «Hamaiketakoa edo gosaria egiten dute askok hemen».
Irungo Urdanibia Park hotela elbarrituen basea da. (Argazkia: Urdanibia Park hotela)
Sagueseko Monpas hoteleko Ixone Martinez de Ilarduiak azaldu duenez, Donostiako hotel gehienek otsaila eta martxoa bitartean jendearen deiak jasotzen hasten dira: «Korrikalari eta familiak deitzen dute, eta udarako beteta egoten da». Eskari handia dagoenez, prezioek ere gora egiten dute: «Urteko egunik garestienak izan daitezke».
Horren harira, euren egunerokoa aldatzen dute Monpas hotelean: «Gosaria eta irteera orduak moldatzen ditugu korrikalarien mesedetan. Adibidez, gosaria 8:00etatik aurrera ematen dugu urtean zehar. Baina egun horretan ulertzen dugu lehenago gosaldu behar dutela, eta horregatik aurreratzen dugu. Irteera ordua, aldiz, atzeratu egiten dugu. Logela, normalean, 12:00etan utzi behar izaten dute, baina Behobiaren asteburuan 14:00 edo 15:00etara atzeratzen dugu».
Betiko bezeroak, urtero
Aida Grosen eraiki zuten lehen ostatua da. 1999an ireki zituen bere ateak, eta, ordutik, lasterketara datozenekin betetzen da urtero. «Hasierako bezeroak etortzen dira oraindik. Garai batean 25 urte zituztenak, orain, familia osoarekin datoz, belaunaldi berriekin», adierazi du Agurtzane Zabalok. Fideltasun horren arrazoietako bat da prezioa: «Beste ostatu eta hotelekin konparatuta, guk ez ditugu logelen prezioak igo. Behin eta berriro etortzen dira, eta guk hori nolabait eskertu nahi izan diegu».
Profil askotariko jendeak hartzen du ostatu Aidan. «Oso jende jatorra da, eta sortzen den giroa izugarria. Dortsal bat sinatuta utzi izan digute, eta nire turnoa bukatzerakoan korrikalari eta familiekin joaten naiz pote bat hartzera! Hainbeste urteren ondoren, harreman estua sortu da gure artean», esan du Zabalok.
Gainera, Behobiaren egunean bertan, korrikalarien zain egoten da Zabalo: «Urduri egoten naiz ostatuko lehen korrikalaria nor den jakiteko. Eta beraien artean ere sortzen da tentsioa, denbora onena nork egin duen jakin nahi dutelako. Normalean, Jordi izaten da, dortsala sinatu zidan korrikalari katalana».
Ostatuan estudioak ere badaude, eta batzuek sukaldea erabiltzen dute: «Gosaltzeko eta lasterketa aurreko afaria prestatzeko erabiltzen dute, korrika egin baino lehen beraien ohiturak dituztelako. Halere, gero, egun osoko plana izaten dute: sagardotegia, jatetxeren batean bazkaria… Jendez lepo egongo denez, ahal duten guztia aldez aurretik erreserbatzen dute».