Lehen liburuaren arrakastaren ondoren, ‘Monterapia 2. Slow Mountain’ plazaratu du. Bere bizipenak baino gehiago, hirugarrenen testigantzak jaso ditu oraingoan
Juanjo Garbizu. (Argazkia: Miren Azkarate)
Bere bibliografian bigarren liburua argitaratu berri du Juanjo Garbizu mendizale donostiarrak. ‘Monterapia 2. Slow Mountain’ izenburuarekin aurkitu daiteke jada dendetan.
Lehenengo liburua, ‘Monterapia’, duela lau urte idatzi zuen eta gaur egun oraindik, 8. edizioan joan arren, asko saltzen den liburu bat da. «Horrenbesteko arrakastak ustekabean harrapatu nau», aitortu du idazleak harriduraz. Bigarren honek denbora gutxi darama salgai eta ez daki zein ibilbide izango duen, baina pozik dago azken emaitzarekin.
Desio bat du: liburu honek mugak gainditzea. Batez ere Frantzian ikusi nahiko lukeargitaratua, monterapia filosofia oso zabaldua dagoelako bertan.
Duela 4 urte argitaratu zenuen lehen liburua. Espero zenuen horrelako arrakasta?
Ez, ez, ez, inondik inora ere! Lehenik eta behin liburu bat idazten duzunean norbaitek argitaratu behar dizu, edonork ez du lortzen eta lehen pauso horrek sinplea badirudi ere, ez da horrela. Zinez ez nuela pentsatu ez argitaratuko zidatenik, ezta horrelako arrakasta izango zuenik. Ni naiz lehen harritua!
Bigarren liburu honek dituen 200 orrialdeak idazteko denbora asko igaro duzu?
Bai, asko. Beldur handia nuen lehen liburuak izan zuen harreraren ondoren bigarren hau idazteko. Nire beldurra, orain, Monterapia irakurri zuen batek izandako arrakastaz aprobetxatzen ari naizela pentsatzea da, eta horregatik bigarren honek merezi ez duela ondorioztatzea.
Lehen liburuaz arina, intimista, eta oso pertsonala dela esan da, besteak beste. Bigarrena esan daiteke filosofikoagoa dela?
Argitaratu berria da eta oraindik ez ditut kritika edo iritzi asko jaso. Baina euren iritzia estimatzen dudan jendearen hitzetan eta Monterapia-ren zaleak direnek esan dutenez, liburu hau landuagoa da, hobeto idatzita dago, dokumentatuagoa dago, filosofikoagoa da eta poetikoagoa ere bai.
Nik poetikoagoa ez dut ikusten baina jakina da, eta Lewis Carrollek, zioen bezala, liburu bat idazten duzunean, zurea izateari uzten dio. Momentu horretan, irakurleak zuk ikusten ez duzun zerbait ikusi dezake.
Zer aurkituko du irakurleak ‘Monterapia 2. Slow Mountain’ liburuan?
Batetik, Monterapia irakurri zuenak, etxera itzultzearen sentsazioa izango du. Bestetik, nik bai uste dut intimistagoa dela, pentsatzera gonbidatzen du eta neure burua amildegitik botatzen dudala esan daiteke.
Lehen liburua katarsis baten moduan definitzen dut. Oroitzapenak berreskuratu, ordenatu eta idatzi. Baina bigarren honetan, lau urte hauetan gertatutakoak ekarri ditut. Jendearen bizipenak erakusten ditut. Kazetari lana egin dut bertatik bertara, eta esperientzia hau izugarri gustatu zait. Hau lehen liburuan ez nuen egin eta, agian, horregatik Slow Mountain aberatsagoa da edukietan aurrekoa baino.
Zein antzekotasun eta desberdintasun aurkituko ditugu lehen liburutik bigarrenera?
Filosofia terapeutikoa bietan mantentzen da berdin berdin. Lehen liburuaren oinarrian bizitzaren eta mendiaren arteko desberdintasunak ezartzea zen helburua. Bigarren honetan sakonagoa da, filosofia existentzialetik gehiago du. Horretarako, lehen pertsonan jasotako testigantzak jaso ditut. Adibide bat jartzearren, Iñigo Gutierrez donostiar terapeuta batek aurrera daraman proiektu bat aipatzen dut. Minbizia duten pertsonak eta natura elkartzen ditu. Edo Venezuelan itsuak eta mendia lotzen dituen beste kasu bat badago. Oso esperientzia aberatsak dira eta horregatik uste dut mami gehiago duela bigarren liburu honek.
Slow filosofia gomendatzen duzu mendian eta bizitzan. Liburua irakurtzerako garaian ere bai?
Bai, irakurtzean ere. Slow filosofia bizitzako leku guztietan txertatzea gomendatzen dut. Konpetitibitatearen antitesia da filosofia hau eta horregatik gustatzen zait hainbeste.
Zein publikori dago zuzenduta?
Publikoa hetereogeneoa da. Batetik, mendizale tradizionalak gaude, milaka eta milaka garenak. Horiei izugarri gustatuko zaie. Askotan mendian sentitu dutena idatzita ikusiko dute. Bestetik, mendizale eroarentzat opari polita dela uste dut. Eta azkenik, mendia gustatzen ez zaienak daude. Hauengan kuriositatea piztu dezakeen liburua da. Eta gauza bat argi utzi nahi dut: mendia ez da gailurra egitea. Onartzen dira bailarak, basoak eta errekak.
Saldu zure liburua.
Aurrekoa irakurri eta gustatu zitzaion horri esango nioke hau ere erosteko, berriro gozatuko duelako. Gainera, ez da lehenengoa irakurrita izan behar, ez dira kronologikoak. Beste arrazoi bat da ibilbideak azaltzen direla, nahiz eta ez izan gida liburu bat. Eta azkenik mendia gustatzen ez zaienei, euren egunerokotasunean txertatzeko tresnak ematen ditudala esango nieke.
3. edizio bat egongo da?
[Barre algara] Lehenengoa idatzi nuenean eta bigarren zati bat egongo ote zen galdetu zidatenean, erantzuna oso argi neukan: ez! Eta begira non gauden.
Lehenengoa idatzi nuenean, barrua hustu nuen. Bigarrenean, eskatzen zidaten orri kopurura ez nintzela iritsiko uste nuen, eta pasa egin naiz. Hirugarren bat bat idazteko, orain, ez dut materialik, baina lau urte barru agian bai… Bigarren honek egiten duen ibilbidearen arabera ikusiko dut. Nork daki!