Amara Berriko karmenetako jaiak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hogei urteren ondoren, Karmengo jaiak antolatzeko ardura utzi egingo du Amara Berriko jai batzordeak. Hiru hilabete igaro dira azken Karmengo jaiak egin zituztenetik, eta luze hausnartu ondoren hartu dute erabaki hau.
Azken hamar urtean jai batzordean ez da jende berria sartu, eta pertsona talde berak egin du jaiak antolatzeko lan boluntarioa: “Honek esfortzu ekonomiko handia suposatzen du, eta mentalki eta fisikoki ere higadura handia da”. Horregatik erabaki dute euren lana bukatzea, eta ziklo berri bat irekitzea. 2017ko Karmengo Jaiak antolatzeko deia egin dute auzoan, etapa berri bat hasteko. Halere, auzoaren alde lanean jarraituko dute jai batzordeko kideek. Denak baitira Amara Berri auzo elkarteko kideak.
“Gauzak ongi egin ditugun poztasunarekin goaz, gure artean beti giro polita izan dugun seinale. Eta esan behar dugu ere, urtero gure lana borobiltzeko zerbait falta dugun sentsazioarekin goazela”, adierazi du jai batzordeak ohar baten bidez.
Eskerrak eman dizkiete bizilagunei, auzoko ostalari eta merkatariei eta beste elkarte eta erakundeei, beraien babesik gabe ez zutela euren lana egin ahal izango nabarmendu dute.
Jai batzordearen ardura hartu nahi duten bizilagunek 660619546 edo 670354885 telefonora deitu edo amaravecinos[abildua]gmail.com posta elektronikora idatzi dezakete.