Hainbat eragilek elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean herritarren parte hartzea eskatzeko
Demokrazia zuzenaren inguruko Global Foruma egingo dute egunotan Miramar jauregian. Gaur hasi eta larunbata bitartean munduko 200 aditu elkartuko dira gaiaren inguruan gogoeta egiteko. Jardunaldiaren aurkezpena egin dute gaur, eta horren harira hainbat elkarte bildu dira udaletxe aurrean udalaren “demokrazia falta” salatu eta hiritarren parte hartzea aldarrikatzeko asmoz.
Hainbat eragilek eta herri mugimenduk hartu dute parte elkarretaratzean: metroaren aurkako Satorralaia bizilagunen elkartea, errausketaren aurkako mugimendua, Donostiako Stop desahucios, SOS Miracruz 19, Eleak-libre, Lab, Irabazi Donostia eta EH Bilduko zenbait ordezkari. Elkarretaratzea denek batera egin badute ere, bakoitzak bere aldarrikapenak eraman ditu udalera.
Jende andana bildu da pankarten atzean eta hainbat turisten arreta ere deitu dute. Horregatik, demokrazia ezaren salaketa eta parte hartzearen aldarria euskaraz eta gaztelaniaz gain, ingelesez, frantsesez eta alemanez ere egin dituzte.