Erakusketan ikusiko diren lanak. (Argazkia: DSS16)
Lekurik gabe, denborarik gabe erakusketa aurkeztu dute gaur hedabideen aurrean, Koldo Mitxelena Kulturunean. Itxialdi egoeran, dela espetxean, zentro psikiatrikoetan, adin txikikoentzako barneratze-zentroetan, edo antzeko lekuetan egon diren pertsonak egindako lanak dira. Proiektu honek, artearen bitartez gogoeta sustatzea du helburu nagusia baina ez bakarra, gizarte bazterketa eta inklusio mekanismo sozial eta politikoei buruz pentsatzea ere baitu helburu.
Aurkezpenean, ordea, erakusketaren komisario batek, Pablo Martek, zentsura salatu du, eta azaldu du erakusketan sartu behar ziren zenbait lan erretiratu egin dituela Donostia 2016-k. Gaur goizeko prentsaurrekoan bertan, eta Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendari nagusia eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua ondoan zituela, egin du salaketa Martek. Komunikatu bat irakurri du eta jakinarazi du erakusketarako jasotako obra batzuek “zentsura jasan” dutela. Era berean, obra horiek ez diotela inorri minik edo kalte egiten adierazi du Martek: “Ez ditugu konpartitzen zentsurarako arrazoi moduan erabili dituzten argudioak”.
Berria egunkariak jaso du erakusketaren aurkezpenean gertatutakoaren berri.