Astoriako neoizko argiak itzali zirenekoa
Urte sasoi honetan, 2004. urteko azaroaren 14an itxi zuten Amarako Astoria zinema. Igandea zen, eta doan eskaini arren, jende gutxi hurbildu zen azken saiora. Zinemagintzaren bilakaeraren argazkia zitekeen agian.

Pantaila txikiei begira bizi da gaur egun jendartea. Pantaila txikia, eta azkar pasa gainera behatzarekin batetik bestera. Bizkarrezurrak ere bost milimetro okertu omen dira batazbeste, atzera tximinoen gorpuzkera hartzen ari delako gizakia pantaila txikiei begira.
Pantaila handiari begira ere ez da egoten askotan oso eroso bizkarrezurra. Eserlekuak bizkar erdia hartzen du; hankak luzatzeko modurik ez dago; ezkerrera jira eta ondoko andrearen berokia, eskubira jira eta bikotekidearen hankak ezin kabituz.
Horrelakoak ziren Astoria zinema aretoetako eserleku gorriak ere. Zenbat barre, zenbat malko, zenbat ordu igaro ote zituzten pantaila handiari begira. Laborategi moduko bat izan ziren Astoriako aretoak; zenbat kimika sortu ote zen bertan.
Garaitsu honetan, 2004ko azaroaren 14an itxi zituzten betiko zinema aretoak. Azken urteetako beherakada agerian utziz, oso jende gutxi sartu zen aretoaren babesera igande arratsalde hartan. 19:00etako saioa izan zen azkena; The End, garai baten azken agurra.
Neoi koloreko garai oparoak ere izan baitzituen zinemak hirian. Astoria zinema aretoa 1961. urtean inauguratu zuten, Ben Hur filmarekin. Areto bakarretik zazpi areto arte handituta, 1989. urtean ireki zuten berriro. Indiana Jones-ek iragarri zuen zinema aretoen gorakada orduan. Izan ere, jendetza biltzen zen hiriko zinemetan. Sarritan, Viktoria Eugenian eskaintzen zituzten estreinaldiak eta handik egun batzuetara Astorian. Hala ere, jendeak ez zuen presarik orduan, eta ilara luzeak sortzen ziren Amarako kantoi hartan. Saio bikoitzak eta hirukoitzak ikusten zituenik ere bazen.
Zinezale itsu batzuk salbu, ez da horretarako denborarik hartzen orain. Gariren letrak hartuz, neoizko argiak erdi zintzilik gelditu ziren Astoria zinema aretoan, beste askotan bezala.
Inguruko industria guztiak irentsi du dagoeneko pantaila handiaren arima, baina zinema hitzaren atzean ikusten ez den magia horrek mugitzen ditu oraindik zeluloide bobinak.
Astorian gertatzen zen moduan, aretoaren hormak okerrak direnean periskopio bidez bideratzen dira argi izpiak. Izpiak direnak, ispilu batean salto egin eta pantailan itsasten dira irudi bihurtuz. Eta ikusleak gainean dituzten ispiluez ohartu ere egin gabe, aretoko krispeta usain, hasperen, laztan, malko eta zurrungatxoak ere jasotzen dituzte ispiluek. Nork dio hori fikzioa dela?