Ate irekien eguna egingo dute bihar Aieteko konpostagunean
Konpostaren inguruko lanak auzotarrei erakustea du helburu ekimen honek
Aieteko Lantxabe Auzo Elkarteak, Donostiako Udalarekin lankidetzan Aieteko konpostagunean ate irekiak antolatu dituzte bihar, hilak 19, Berabera Pasealekuko 61.zenbaki parean.
Orain dela hiru urte ireki ziren Donostian lehenengo auzo konpostaguneak Añorga Txikin, Aieten eta Igeldon. Geroztik auzoko zenbait bizilagun gogoz aritu dira lanean hondakin organikoak konpost bihurtzen. Lan hori auzokideei erakustearren, datorren larunbatean, azaroaren 19an, Beraberako (Aieten, Kirolaren plazaren ondoan) auzo konpostaguneko ate irekien eguna ospatuko dute, goizeko 11:00tatik 13:00tara. Bertaratzen den orok konpostaguneko azpiegitura ikusteko, eta bertan sukaldeko hondakin organikoak konpostatzeko jarraitzen den prozedura ezagutzeko aukera izango du. Konpost ondua ikusi, ukitu eta usaindu ahalko da, eta baita poltsatxo bat etxera eraman ere, loreontzietan erabiltzeko.
Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute.
Gaur egun, 9 auzotan konpostaguneak daude irekita Donostian eta 95 familia ari dira parte hartzen auzokonpostan. Azkenak martxan jartzen Intxaurrondo eta Bidebietakoak izan dira aurten, baina aurrez, Añorga, Aiete, Igeldo, Ibaeta, Martutene, Morlans eta Uliakoak ireki zituzten. Urtean hamabost tona biohondakin baino gehiago kudeatzen ari direla hiriko konpostagunetan.