Emakume musikariak omenduko ditu Udal Musika eta Dantza Eskolak
Musikalean egitasmoaren barruan emakume musikariak omenduko ditu Azaroaren 21etik 25era bitarte Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak.
Jaialdiaren helburua emakume musikarien eskutik emakumezko konpositoreak ezagutaraztea da. Kasu honetan, Emiliana de Zubeldia konpositore nafarra omenduko dute Atotxako musika eskolaren eraikinean eskainiko dituzten lau kontzertutan.
Bestalde, azaroaren 25ean emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, kontzertu berezia eskainiko dute udalean Orkestra Sinfonikoak eta musika eskolako koroak.
Antolatzaileek azaldu dute egun seinalatu hau aukeratu dutela emakume musikarien eta, batez ere, konpositoreen lana omentzeko.
“Emakumeen historia musikan, ahots isilduen historia izan da. Beste arlo batzuetan bezala, musikaren historia ofizialak ukatu egin ditu emakumeak eta, horrek ahaztea dakar. Apropos eragindako ahazte horrez gain, kontuan hartu behar da emakumeek euren buruari balioa galarazi diotela zenbait arlotan, besteak beste, gizartean, politikan, erlijioan edo artean”, azaldu dute.
Kontzertuan hiru emakume konpositoreren lana egongo da entzungai: Emiliana Zubeldia, Junkal Guerrero eta Natalia Rodríguez. Gainera, lanak entzun aurretik konpositoreen esperientziak euren ahotik entzuteko aukera egongo da, noski Emiliana Zubeldiarena izan ezik, 1987an hil zen.
Bestalde, ‘Emakumea eta musika’ erakusketa egongo da ikusgai Atotxako musika eskolan Laida Zabalaren eskutik.