Euskararen egunaren harira 170 jarduera antolatu dituzte hiriko auzoetan.
Euskararen egunaren harira, 170 jarduera antolatu dituzte. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Galdera bat izango da Euskararen Eguneko aurtengo leloa:
Zer egin dezaket nik euskararen alde?. Galdera horixe egitera gonbidatu nahi dute jendartea, eta norberak erantzun dezala bere esparruaren, ahalmenaren edo konpromisoaren arabera. “Guztion ekarpenak izango dira onuragarriak euskara biziberritzeko eta guztion artean elkarbizitza sendotzeko”, esan du Miren Azkarate Euskara zinegotziak.
Euskararen egunaren harira, 170 bat ekitaldi antolatu dituzte hiriko 15 auzo eta herrietan. Aste honetan bertan hasiko dira lehen jarduerak, baina gehienak
abenduaren 2an eta 3an egingo dira.
Jarduera hauek guztiak antolatzeko eragile sare zabala ari da lanean auzoetan, eta udal ordezkariek horien lana eskertu eta goraipatu dute. Udalak euskara batzordeen eta bestelako taldeen lana babestu eta sustatu behar duela esan du Miren Azkaratek, baina euren konpromisorik gabe ezinezkoa litzatekeela gaur aurkeztu duten egitaraua osatzea: “Auzo bakoitzeko euskararen osasuna hobea izan dadin, parte hartzea ezinbestekoa da”.
Parte hartze hori agerikoa da prestatu duten egitarauan. Batzuk aipatzearren,
mintzapraktika sustatzeko ohiko Mintzodromoak egingo dituzte abenduaren 1ean Amara Berriko Arcco merkataritza gunean eta Larratxoko kultur etxean eta abenduaren 2an San Telmo Museoan. Bestalde, hainbat ekitaldi berezi ere egingo dituzte abenduaren 3an: Amarako Amaiur Parkean Amaiur herriari erreferentzia egingo dion harria jarriko dute; Loiolan euskararen egunaren aurretik auzotarren artean grabatutako bideoa eskainiko dute Mikel Pagadiren parte hartzearekin; eta Martutenen Juan Luis Zabalak idatzitako eta auzo horretako bizilagunek elkarlanean grabatu eta kontatutako ipuinaren aurkezpena egingo dute. Horrez gain, bertso saioak, kontzertuak, familientzako ekinbideak, tailerrak, zinema emanaldiak, abesteko saioak eta abar izango dira. Irutxuloko Hitzak
auzoz auzoko jardueren errepasoa jaso du. Dena dela, guztiak ikusgai daude
Euskara zerbitzuaren webgunean.
Euskara, ondare gisa
Gizarte eragileekin ez ezik, beste erakundeekin egiten ari diren elkarlana ere azpimarratu du Azkaratek, kultur hiriburutza adibide gisa jarriz.
Abenduaren 2an, Zer egin dezaket nik euskararen alde? 2016 adibide ekitaldia antolatu dute udaletxeko udalbatza aretoan, 18:30ean. Bertan, Europako Kultur Hiriburutzaren baitan, urtean zehar euskara eta hizkuntza aniztasunarekin lotuta sortutako proiektuek egin duten bidea azaldu eta sortutako legatuaren berri emango dute. Hamaika proiektu landu dituzte: Hitzargiak, Tosta, Europa bat-batean, Donostiapedia, Euskarriak, Interprest, Donostiako hizkuntzak: 1761-2016, Codefest, Europa Hizkuntza-Aniztasunaren Foroa, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa, eta abar