Larunbateko manifestazioarekin bat egiteko deia egin dute zubietarrek
Giza katearekin, argazki herrikoiarekin, eta beste hainbat aldarrikapenekin euren ezezkoa adierazi dute beti; herri galdeketan ere euren jarrera argi geratu zen: Zubietarren %64,7k eman zuen botoa, eta horietatik %99,6k ezetz bozkatu zuten, ez zutela erraustegirik nahi.
Zubieta Lantzen taldeak gutun bat argitaratu du gipuzkoar guztien elkartasuna eta konpromisoa eskatuz: “Ziur gaude zuek ere ez duzuela nahi besteentzat zuentzat nahi ez duzuen hori”.
Errauste planta egiteak eragingo dituen ondorio ekonomikoen eta osasun arazoen inguruko informazio argirik ez dela eman salatzen dute. Eta erakunde publikoen jarrera ere kritikatzen dute: ez Donostiako Udalak eta ez Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dutela zubietarren iritzia kontuan hartu salatu dute.
Jendartearen eskaerak aintzat hartuta, erraustegiaren lizitazio prozesua gelditu eta hondakinak inori kalterik sortu gabe kudeatzeko sistema bat aztertzea eskatzen dute. Herritarren eskariak argi gera daitezen GuraSOS taldeak larunbaterako, azaroak 26, egin duen manifestazio deialdiarekin bat egin dute zubietarrek ere.
‘Zubietako herriak gipuzkoarrei’ izenburua duen gutun osoa irakurri hemen.
Zubietako herritarrak erraustegiaren aurka elkartu dira berriro.