Euskaraz bizitzeko oztopoei aurre egin die
Hizkuntz-Eskubideen Behatokiak Gipuzkoako herritar baten kasuaren berri eman du, Usurbilgo Asier Huegun herritarrarena. Euskaraz bizi nahi du Huegunek, baina bide horretan Espainiako Administrazioarekin topo egin eta oztopoak jarri zizkioten. Alabarentzako nortasun agiria ateratzeko asmoz, Donostiako bulegora joan zen. Jaiotze-agiriaren zati bat euskaraz soilik zuelako atzera bota zioten eskaera. Amorratuta eta injustizia sentsazioarekin ez etsitzea erabaki zuen Asierrek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo zuen konponbidea bilatzeko asmoz. Ezezkoaren aurrean ez zuen amore eman eta bere hizkuntza-eskubideak bermatu zitezela lortu zuen.
“Agiria euskaraz aurkezteko eskubidea zuela bazekien Huegunek, eta ez zegoen eskubide horri uko egiteko prest. Ahaldundu egiten da eta jarrera horri esker, euskaraz bizitzeko duen nahian urratsa egitea lortu du”, adierazi du Behatokiak.