Mikel Zabalza omenduko dute Altzan
Larunbatean 31 urte beteko dira Mikel Zabalza bizirik ikusi zuten azken egun hartatik. 1985eko azaroaren 26ko goizaldean, Donostian, Guardia Zibilak Mikel Zabalzari ETAko kide izatea egotzi eta atxilotu egin zuen. Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan.
Donostiako autobus konpainiako langilea zen Zabalza, eta Altzan zuen etxebizitzan atxilotu zuten. Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak larunbatean, azaroaren 26an, omenaldia egingo dio Altzan, urtero bezala. Zabalzaren omenezko monolitoan oroimen eta aldarrikapen ekitaldi bat egingo dute 10:00etan: “31 urte pasatu diren honetan, berriro ere egia, erreparazioa eta aitortza eskatzen dugu, eta deia luzatzen diegu herritarrei ekitaldian parte hartzeko”, adierazi du Mikel Zabalza Gogoan Herri Ekimenak.