Frontoia eraberritzeko proposamen bat eraman du Amara Bai auzo elkarteak udaletxera. (Argazkia: Amara Bai)
Udalbatzarreko azken puntuan aztertu dute Arroka kaleko frontoiaren auzia. EH Bilduk aurkeztutako
kontrol mozioak piztu du eztabaida.
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak hirigintza arauak haustea egotzi dio udal gobernuari, San Bartolomeko proiektuan aurreikusten ez ziren lanak egiteagatik.
Frontoiaren atzealdean horma bat eraikitzea eta frontoia bera bota nahi izatea, hain zuzen ere.
Ernesto Gasco alkateorde sozialistak, bere aldetik, “gaiaren erabilera politikoa” egitea leporatu dio EH Bilduri. Frontoiaren inguruan bizi diren amaratarrak frontoia botatzearen alde daudela nabarmendu du
Gascok: “
Frontoi partikular bat da, eta ez du inolako balio historikorik. Areago, bizikidetza arazoak sortzen dituela diote bizilagunek”.
Kontrako iritziak ere nabarmedu ditu, ordea, Irabazi Donostiak. Loic Alejandro zinegotziaren esanetan, “auzoari eragingo dionez, auzoak erabaki behar du”. Frontoia bota edo mantentzearen aldeko iritziak, biak direla zilegi esan du Alejandrok.
Gaiaren inguruko informazio argia eman, auzotarrekin bildu eta frontoiarekin zer egin erabakitzeko aukera emateko eskatu dute EH Bildu eta Irabazi Donostiak. Mozioa ez da onartu. EAJ eta PSE-EEk ezezko botoa eman dute eta PP abstenitu egin da.
Amarako auzo elkarteko kideak ere udaletxean izan dira. Frontoia eraberritzeko
proposamen bana eraman diete alderdi guztiei. Aisialdiaz gozatzeko gune ireki bakarrenetako dela Arroka kaleko frontoia diote, eta ahalegin guztiak egingo dituzte espazio hori mantentzeko.