Edukiontzi batean topatu zuten ume jaioberria harrera familia baten zaintzapean ipini dute
Astearte goizaldean eman zion abisua herritar batek Ertzaintzari; 03:15 aldera, negarrez ari zen haur bat entzun zuen Donostiako Zuloaga plazan. Poliziak edukiontzi baten barruan topatu zuten umea. Erietxera eraman zuten.
Gipuzkoako Foru Aldundia, Adingabeen Fiskaltzari abisu emanda, aurki egin zen umearen kargu. Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak azaldu duenez, harrera familia batek zainduko du orain haurra. Larrialdiko familiekin sare bat eratua du aldundiak, eta egun batetik bestera erantzun beharreko egoeretan, haiengana jotzen du.
Ertzainek ikerketa bat hasi zuten haurra toki horretan nork eta nola laga zuen argitzeko.