"Bigarren mailako hiritar moduan sentitzen gara"
Brasildarra da Kathia Ruimbur, baina Amaran bizi da. Emakumea, atzerritarra eta preso ohia ere bada. Gaur egun, Bidez bide elkartearekin kolaboratzen du emakume atzerritarrei lagunduz.
Zergatik etorri zinen Donostiara?
Nire asmoa ez zen hona etortzea. Familiako kide bat nuen hemen, eta hura Londresera joan ahal izateko zubia izatea nahi nuen;?ingelesa praktikatzeko gogoz nengoen. Azkenean, hemen harrapatuta utzi ninduten.
Zergatik?
Klub batean hasi nintzen lanean garbitzaile gisa, poliziak sarekada bat egin zuen eta harrapatu egin ninduten. Lau urteko kartzela zigorra jarri zidaten osasun publikoaren aurkako delituengatik eta Martuteneko kartzelan egon nintzen. Behin kartzelaratzen zaituztenean, atzerritarra bazara baimen guztiak galtzen dituzu eta, beraz, orain berriro egoera ilegalean nago.
Orain emakume atzerritarrekin egiten duzu lan.
Emakume atzerritarrei ikasketak homologatzen laguntzen diet Bidez Bide elkartearen bitartez. Hego Ameriketatik etortzen diren emakume askok zaintza edo etxeko lanetan egiten dute lan, oso baldintza txarretan. Gehienak 24 orduko lanaldiak izaten dituzte, bizitza soziala egiteko apenas aukerarik gabe. Askotan azkar eskatzen diegu euren eskubideak aldarrikatu ditzaten, baina tranpa bat da, ez dute onurarik lortzen. Gainera, normalean, emigratzen duten emakumeek zor handia izaten dute ordaintzeko eta, noski, kontuan izan behar da hona etortzeko baliabideak dituztenak ez direla beraien herrialdeko pobreenak. Horiek ez dira inoiz hona iristen.
Zein da emakume hauen egoera?
Emakume hauek hiru urte pasa behar dituzte hemen egoitza baimena lortu ahal izateko, eta gainera lan kontratu bat behar dute. Gehienak adineko pertsonak zaintzen egiten dute lan, baina hiru urte denbora asko da eta ezin duzu aurreikusi zer gertatuko den. Zortearekin, hiru urteren ondoren, familia horrek kontratu bat egingo dizu, eta paperak lortu ahal izango dituzu. Baina kontuan izan behar da, horretarako, hiru urte legalitatetik kanpo pasa behar dituzula, beldurrez. Ezkutuan ibili behar hori indarkeriazko arkitektura estruktural eta sistematiko horren parte da; emakumeen autoestimua eta autonomia mintzen du.
Emakumeen etxea izan daiteke emakume hauentzat sare bat?
Bidez Bide elkarteak emakumeen etxea okupatzen du nolabait, ez daukagu egoitza propiorik eta, beraz, bertan egoten gara. Hori baliatzen dugu guregana jotzen duten emakumeak emakumeen etxera gerturatzeko; espazio kritiko eta politiko batean parte hartu dezaten, baina ez da batere erreza. Emakume hauek egoera ahulean daude. Batzuetan, lanik gabe geratzen direnean gerturatzen dira, baina kontuan izan behar da posible dela azken urteetan bizitza sozialik eduki ez izana. Dirua da behar dutena; izan ere, kasu gehienetan, eurak dira familiako diru iturri bakarra.
Emakume hauek hurbiltzen dira ikasketak homologatzeko laguntza eske?
Ez da erraza izaten, horregatik gure lana sentsibilizatzea da. Inoiz ez da jakiten zer gertatu litekeen zure emigrazio prozesuan. Denek euren herrira bueltatu nahi dute, eta ondo bueltatu nahi dute. Nire lagun psikologo batek esan zidan Ulises sindromea deitzen zaiola horri; ez du inporta zenbat urte zoazen beste herrialde batera, beti etxera bueltatu nahi duzu, eta ondo itzuli nahi duzu.
Karga hori ez dute gizonek izaten. Gizonak beraien herrialdeetatik alde egiten dutenean oso ondo ikusiak daude, familiei laguntzeko egiten dute; emakumeek emigratzen dutenean, aldiz, familia uztea leporatzen zaie, edo ama txarrak direla esaten da; eta nik dakidala aitak ere guraso dira.
Emakumea, atzerritarra eta preso ohia.
Ni eta ni bezala daudenak bigarren mailako hiritarren moduan sentitzen gara. Une honetan poliziak geldituko banindu, bota egingo ninduke. Gainera, hemen ere epaitegiek etiketa asko dituzte. Nire kasuan emakumea, atzerritarra eta preso ohia naiz. Zigorraren aliantza hirukoitza da, Dolores Juliano antropologoak aliantza bikoitza esaten du, baina nire kasuan hor dago preso ohiarena ere. Dena den, batzuetan kontraesanak ditut, izan ere, beste alde batetik pribilegiatua sentitzen naiz zuria naizelako. Ahoa irekitzen ez badut, bertakoa naizela dirudi.
Kartzelan nola bizi izan zenuen indarkeria hirukoitz hori?
Kartzela Anaia Handia baten modukoa da. Gizarte patriarkalak sistematikoki ematen dituen zapalkuntza eta indarkeria guztiak errepikatzen dira, baina modu bortitzagoan. Dena den, kartzelan zaudenean, nahi duzun bakarra handik irtetea da. Martuteneko kartzelatik gehien harritu ninduena preso politikoak egotea izan zen. Ez nuen halakorik espero Europako kartzeletan. Ni aktibista politikoa izan nintzen Brasilen, eta horrek benetan ezustean harrapatu ninduen.