Goi Paleolito garaiko lanabesen bila ibiliko dira Ametzagainan
DSS2016k Ondarebideak izeneko plataforma digital berria jarri du abian. Elhuyarrek, Euskomediak eta EHUko informatika-fakultateko Ixa Taldeak garatu duten webgunearen helburua Euskadiko kultur ondarea hedatzen laguntzea da. Dagoeneko 30 ibilbide inguru bildu dituzte. Klik bakarrarekin, gordailu horretan jasota dagoen kultur ondarearekin lotutako zirkuitu digital tematikoak egin daitezke horrela.
Kultur aberastasun horri bizitza emateko asmoz, Aranzadi Zientzia Elkarteak proiektuarekin bat egin eta Donostian eta Pasaian bi zirkuitu tematiko proposatu ditu: Donostiako lehen biztanleak eta Jesus Elosegiren begirada.
Ibilbide bakoitzak bi deialdi izango ditu: ikastetxeei zuzendutako bat, eta herritar orori bideratutako beste bat. Horietan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da Idazkaritza@aranzadi.eus helbidean izena ematea edo 943466142 telefono zenbakira deitzea.
Donostian bizi izan ziren lehen gizakiek Ametzagainako mendi-muinoa aukeratu zuten bertan finkatzeko. Parke horretan aurkitu dituzte Goi Paleolito garaiko harrian landutako lanabesen aztarnak. Aranzadi Zientzia Elkarteko adituek Ametzagaina parkean barrena gidatuko dituzte parte hartzaileak, Historiaurreko ohiturak, lanabesak eta eguneroko bizitza ezagutu ditzaten.
Txangoa Jexux Tapia eta Manu Ceberio arkeologoek gidatuko dute; Historiaurrean adituak biak. Ondoren, familiei zuzendutako tailerra egingo dute. Bertan, Historiaurrean silexa nola lantzen zuten edo orduan erabiltzen zituzten suaren teknikak erakutsiko dituzte.
Gaur ikastetxeetako gaztetxoek egingo dute ibilbidea, baina gainerakoek bihar izango dute aukera. Goizeko 10:30ean abiatuko da ibilbidea Garberako autobus geltokitik, eta bi orduko iraupena izango du.
Gure arbasoen bizimodua ezagutu, eta bide batez inguruaz gozatzeko aukera bikaina da Aranzadik proposatzen duena.